Laino guztien gainetik, azpitik eta tartetik, baina Gipuzkoako 50. Traineru Txapelketa jokatzerik izan da azkenean igande eguerdi honetan Kontxako badian. Behelainoaren erruz bertan behera geratzeko arriskua ere izan du estropadak, baina azkenean arraunlariek beren betebeharrari ekin ahal izan diote. Ondorioz, Hondarribiak, Gipuzkoako egungo txapeldunak, denboraldiko aurreneko garaikur garrantzitsua bereganatu du.
Emakumeen artean, berriz, Arraun Lagunak sorpresa emateko kapaz izan da, Orio faboriotarekiko alde politarekin gainera, eta trapua Donostian geratu dadila erdietsi du. Beteranoei dagokionez, Badok 13 taldea izan da nagusi
«Itsasoa dago laino / Baionako barraraino» dio koplak, eta akaso hainbeste izan ez bada ere, lehia bertan behera noiz geratuko egon da Gipuzkoako Txapelketa. Ordurako beteranoen finala erabakita egon da, baita gizonen estropadari dagokion aurreneko txanda ere, baina faboritoen artetik bakar bat bera ere uretaratu gabea zen artean.
Ordu erdi bat itxaron behar izan du estropadak. Eguzki beroaren indarra lagun, behelaino trinkoa apurka deseginez joan da, zerua behar beste argitu arte, eta orduan bai, orduan bestelako arazorik gabe egin ahal izan dute arraunen traineruek.
Aurreneko luzetik Hondarribia eta Donostiarra nabarmendu dira, eta beti ere branka «Ama Guadalupekoak» eraman badu ere, traineru beteko aldea besterik ez du izan bere alde traineru «bikingoak» azken ziabogara iritsi arte.
Azkenengo luzean bai, orduan estutu du erritmoa «Ama Guadalupekoak» eta aldea orduan nabarmendu da Hondarribiaren alde. Helmugara zazpi segunko aldeaz –bi traineru pasa, alegia– iritsi da «Ama Guadalupekoa» eta bere palmareseko hamabigarren Gipuzkoako Txapelketa eskuratu du, Oriorekin berdinduz.
«Titulu guztiak dira garrantzitsuak, baina gerora begira, garaipen honek nik uste lasaituko gaituela, ez baitira horrenbeste estropada jokatuko hain denbora gutxian», adierazi du Hondarribiako traineruaren prestatzaile Mikel Orbañanosek.
Denboraldiari ete-betean ekiteko aste gutxi batzuek baino falta ez direla, Hondarribiaren prestakuntza «ohiko bidetik» doala iritzi dio Orbañanosek.
«Aurreko urteetako lanari begiratuta, berdintsu goazela iruditzen zait. Gertatzen dena da aurkariek ere urtero maila ematen dutela eta espero dugu aurkari gogorrak izango ditugula aurten ere, baina gerra ematen saiatuko gara», amaitu du.
Bigarren luze bikaina
Azkenengo urteetan Orio da emakumeen artean dominatzaile, baina igande honetan ezin izan dute Arraun Lagunaken traineruarekin. Bi traineruko aldearekin gainera irabazi dute, sei segundo eta erdiko aldearekin, hain zuzen, batez ere bigarren luzean emandako mailari esker.
Aurreneko luzea beste kontu bat izan da. Arraun Lagunak iritsi da aurreneko postuan ziabogara, baina Orio segundo bakar batera geratu da eta bi segundora, bigarren txandan aritu den Tolosaldea izan da hirugarrena.
Lehia polita espero zitekeen emakumeen mailako Gipuzkoako Txapelketa zeinentzat izango, baina ez da uste adinako emoziorik egon. Arraun Lagunak bikain moldatu da helmugara bidean eta paladaz palada, Orioko traineruari alde nabarmena atera dio eta merezita eskuratu du denboraldiko aurreneko sari ofiziala. Bere txandan Zumaiarekin lehia polita izan ondoren, hirugarren amaitu du Tolosaldeak, Hondarribiak laugarren eta Zumaiak bosgarren, ohorezko txandan aritu den Donostiarra sigarren lekura jaitsiaraziz.
Gipuzkoako Traineru Txapelketa, Beteranoak:
1- Badok 13 11:04.49
2- Fortuna 11:10.55
3- Zumaia Beteranoak 12:12.78
Gipuzkoako Traineru Txapelketa, Gizonak:
1- Hondarribia 20:01.27
2- Donostiarra 20:08.30
3- Orio 20:25.73
4- San Pedro 20:36.49
5- Getaria 20:48.39
6- Zarautz 20:51.95
7- San Juan 20:57.75
8- Zumaia 21:07.60
9- Lapurdi 21:48.01
10- Mutriku 21:59.85
11- Hibaika 22:15.57
12- Trintxerpe 23:55.24
Gipuzkoako Traineru Txapelketa, Emakumeak:
1- Arraun Lagunak 11:03.40
2- Orio 11:09.89
3- Tolosaldea 11:15.75
4- Hondarribia 11:19.09
5- Zumaia 11:20.88
6- Donostiarra 11:23.76
7- Hibaika 11:29.35
8- San Juan 11:33.78
9- Zarautz 11:57.31
10- Lapurdi 12:36.55