Oraindik ere izugarrizko potentziala duten leku andana geratzen dira Errusiako uharteetan esploratzeko. (SURFSIBERIA.RU)
Oraindik ere izugarrizko potentziala duten leku andana geratzen dira Errusiako uharteetan esploratzeko. (SURFSIBERIA.RU)
Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Errusiako Surf Federazioak leku bat egin nahi du surf munduan

Mundu osoko surflariak erakartzeko leku berrien bila ari dira errusiarrak. Ozeano Barearen iparraldean ehunka urautsi daude.

Ez da denbora asko Errusiako Surf Federazioa sortu zela, baina 2016ko abuztuan surfa kirol olinpiar bilakatu zela ofizialki jakinarazi zenetik, bertako surflariek plan bat aurkeztu zioten Errusiako Kirol Ministerioari, eta elkarlanean aurreikuspen guztiak gainditzen ari dira.

Hasiera batean, helburua selekzioa osatu eta Olinpiar Jokoetara iristea zen, eta oraindik helburuak berbera izaten jarraitzen du, baina, aldi berean, epe luzeko egitasmoa osatu zuten Errusian surfa sustatu eta turismoa erakartzeko. Selekzioko surflariek urte osoan kalitate oneko olatuetan entrenatu ahal izateko lekuak aurkitu behar zituzten eta, aldi berean, uharteetara turismoa erakartzeko leku bakoitzak duen potentziala aztertu behar zuten.

Ozeano Barearen iparraldean dauden Kuril uharteak hautatu zituzten eta lehen inork inoiz surf egin ez zuen lekuetan entrenatu ahal izan zuten surflari errusiarrek. Egor Volkov, Sergei Rasshivaev, Nikita Avdeev, Elena Bolisova, Tatiana Dudova eta Anna Txudnenko surflariek, ez zituzten emaitza oso onak lortu El Salvadorren egindako Herrialdeen Arteko Munduko Txapelketan, baina errusiarrak prest daudela frogatu zuten. Horren erakusle, Errusiak 35. postua eskuratu zuen, Hegoafrika edo Irlanda bezalako taldeen aurretik.

Kuril uharteak

Errusiak surf egiteko leku andana ditu, baina gehienak oso leku bakartuetan daude eta ez da batere erraza bertara iristea. Adibide moduan, Asia ipar-ekialdean dauden Komandorsk uharteak aipa daitezke, surf egiteko leku ederra izan badaiteke ere, bertaratzea eta gutxieneko logistika izatea oso zaila baita. Horrez gain, uharte guztiak Ozeano Barearen iparraldean aurkitzen dira, beraz, oso leku hotzak dira eta leku gehienetan soilik udaberrian eta udan surf egin daiteke. Leku batzuetan bi graduko tenperatura izaten du urak udaberrian.

Kamtxatka eta Sakhalin uharteak dira mundu osoko surflarien artean azken urteetan ezagun egin diren lekuetako batzuk, baina bertara iristea ez da batere erraza. Hala ere, Errusiako Federazioak Kamtxatkan eta Sakhalin uharteetan txapelketak egitekoa asmoa duela iragarri du. Erronka esanguratsua da, baina urautsiak ezagutzera emateko antolatu duten egitasmoaren baitan bertako azpiegiturak hobetzeko ere balio ditzakete lehiaketak.

Gutxieneko logistika eta olatu onak bai, baina baldintza gogorregiak izango ez zituen leku bat topatu behar zuten surflari errusiarrek entrenatzeko, eta Kuril artxipelagoko hegoaldean dagoen Kunaxir uhartea hautatu zuten, turistentzako prestatuta dagoenez, surflariak hoteletik zuzenean hondartzara joan baitaitezke. «Espero genuen olatuek gutxieneko maila izango zutela entrenatu ahal izateko, baina errealitateak aurreikuspen guztiak gainditu zituen», jakinarazi zuen Pedro Barbudok, Errusiako taldea entrenatzeko kontratatu duten entrenatzaile portugaldarrak.

Kunaxir uhartetik 80 kilometrora dagoen Xikotan uharteko urautsiak esploratzera ere joan ziren eta oso baldintza desberdinak topatu omen zituzten. Antza, askoz ere leku atseginagoa da Xikotan uhartea eta gehiago esploratzeko asmoarekin itzuli ziren.

Kuril uhartedian batez besteko tenperatura 20 gradukoa da udan eta ura 16 eta 18 gradu arteko tenperatura izaten du. Ordea, oraindik ere surflariek ez dituzte lekuko berezitasun klimatologikoak ongi menderatzen, eta ondorioz, iragarpenak egiteko zailtasunak dituzte. Hori bai, pixkanaka-pixkanaka ikasten ari dira eta denbora kontua da urautsi bakoitzaren baldintza egokienak zeintzuk diren ezagutzea.

Surf merkatuan sartzeko prest

Errusiarrek oso serio hartu dute surf munduan leku bat eskuratzeko erronka. Azken lau urteetan hogei txapelketa nazional baino gehiago egin dituzte eta surfa herrialdean sustatzeko dozena erdi bat festibal antolatu dituzte. Are, mundu mailan lehiatzeko asmoa ez da soilik joko zelaira mugatzen, surf egiteko lekuekin batera, surf egiteko materiala ere ekoizten hasi dira. «Ezinbestekoa da Errusian ekoiztutako taulak, ur jantziak, txikotak eta argizaria izatea», nabarmendu du Errusiako longboard taldean aritzen diren Maxim Fovin surflariak.

Horiek horrela, Errusiako selekzioko surflarien eginbeharra ez da soilik entrenatu eta emaitza onak lortzea. Badakite horretarako oraindik goiz dela, surfa kirol oso gaztea baita Errusian. Etorkizunerako prestatzen ari dira eta horregatik oinarriak osatzeko lan anitz egin beharra egokitu zaie surflari aitzindariei. Zer-nolako lekuak eta materiala behar diren adostu eta urrats berriak aditzera eman behar dituzte lehiakideek.

Tatiana Dudova da adierazle argia. Nesken taldean lehiatu da, baina mundu osoan zehar enbaxadore lanak egin behar izan ditu eta Errusiako urautsi berrien inguruko artikuluak ere idatzi ditu. «Kirol Ministerioaren eta lekuko administrazioen laguntzarekin sortu dugun lehen surf guneak eskualdeko irudia eta turismoa aldatuko ditu», idatzi zuen Dudovak artikuluetako batean.