Hego Euskal Herriko unibertsitateetan sartzeko probetara aurkeztu diren Batxilergoko 15.314 ikasleetatik 15.062k gainditu dituzte azterketak, hau da, %98,35ak. Lurraldeka, Gipuzkoan gainditu dutenen tasa % 98,96koa da, Nafarroan %98,3koa, Bizkaian %98,24koa eta Araban %97,95ekoa.
Bai EAEn bai Nafarroan euskaraz ikasi duten ikasleen gainditze tasa altuagoa da. EAEn % 98,08koa eta Nafarroan %98,5ekoa. Gaztelaniaz, berriz, %96,2koa eta %98,3koa, hurrenez hurren.
Euskal Herriko Unibertsitateko Laura Vozmediano Hezkuntza Berriztatzeko eta Graduko ikasketetako errektoreordeak nabarmendu duenez, probak «normaltasun osoz» egin dira. «Aurreko edizioan lortutako esperientziari esker, ezohiko baldintzetan egin baitzen, eta aurten hartutako neurri berriei esker, hala nola egoitza kopurua handitzeari esker».
Ikasleak matrikulatuta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eman dira kalifikazioak, eta ikasleek asteazken honetan bertan kontsultatu ahal izan dituzte, UPV/EHUren webgunearen bidez.
Berrikusteko eskaera ekainaren 17, 18 eta 21ean aurkez daiteke, eta proben behin betiko emaitzak ekainaren 28an argitaratuko dira. Azkenik, azterketak ikusteko eskaera ekainaren 29an eta 30ean egin behar da.
Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko ebaluazioaren ezohiko deialdia uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo da, eta aurkeztu nahi duten ikasleek ekainaren 23tik 28ra egin beharko dute matrikula.
Nafarroan, aldiz, emaitzak aurreko ostegunean, ekainaren 10ean, eman ziren ezagutzera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunearen eta horretarako diseinatutako aplikazio mugikorraren bidez, ikasleari emandako pasahitzarekin. Ekainaren 23, 24 eta 25ean ezohiko deialdia egingo da.