NAIZ

Hizkuntzen arteko lankidetza teknologikorako sarea osatu dute

Adimen Artifiziala Hizkuntzan Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea eratzeko manifestua sinatu dute gaur hainbat erakunde eta eragilek. Aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazioan aurrerapausoak emateko hizkuntza baliabideak bultzatzen ditu Interreg Poctefa Linguatec egitasmoak.

Mugaz gaindiko egitasmoaren bultzatzaileak gaur Donostian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Mugaz gaindiko egitasmoaren bultzatzaileak gaur Donostian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Donostiako Miramar jauregian izenpetu da mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura bat eraikitzeko adimen artifizialeko bikaintasun-sarearen sorrerako dokumentua, Interreg Poctefa Linguatec Kongresuaren baitan.

Elhuyar fundazioa, Aragoiko Gobernua, Okzitaniako Tolosako CRNS goi mailako ikerketa zentroa, Euskaltzaindia, Lo Congrés okzitanieraren akademia eta EHUko Ixa taldea dira Linguatecen batu diren erakundeak, eta ostiral honetan urrats estrategikoa eman dute sare berria sortuz.

Sorrerako manifestuaren irakurketa euskaraz hasi da Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusiaren hitzaldiarekin, eta azpimarratu du «Pirinioetako lan-komunitatearen lurraldea» eraikitzen ari den mugaz gaindiko proiektua dela, eta 15 milioi herritarrek baino gehiagok partekatzen dituztela 6 hizkuntzak eta haietako bakoitzaren aldaerak.

Hizkuntzaren teknologiak «Europako herritar guztien arteko berdintasunari modu eraginkorrean laguntzen ari dira», baina hizkuntza gutxituek irabazteko asko duten arren, «egoera teknologiko ahul batetik abiatzen dira», ohartarazi du Jose Ignacio Lopez Susin Aragoiko Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak.

Sinatzaileen artean dagoen Euskaltzaindiaren izenean, Jean-Baptiste Coyosek proiektuaren garrantzia azpimarratu du: «Hizkuntza baten garapena, eta beraz, hizkuntza horretatik elikatzen den kultura, erabat loturik dago hizkuntza horrek ingurune moderno eta aldakorretan, hala nola mundu digitalean funtzionatzeko duen gaitasunarekin. Hala, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna estu lotuta dago mundu digitalean hizkuntza batek dituen gaitasun eta baliabideekin, hau da, gure kasuan, mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura sortzearekin».

Aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazioan aurrerapausoak emateko hizkuntza baliabideak bultzatzen ditu Interreg Poctefa Linguatec egitasmoak. Finean, hizkuntzen arteko lankidetza teknologikoa egiteko aukera eman du, bai eta hiru hizkuntza horien onlineko aplikazio berriak sortzeko aukera ere.

Hiru urteko ibilbidearen ondotik, mugaz gaindiko izaera duen kongresua antolatu du egunotan Linguarec proiektuak, EHUren Udako Ikastaroen barruan: Adimen artifiziala eta mugaz gaindiko lankidetza: azpiegitura linguistiko, adimendun eta irisgarri baten bidean. Biltzarrotan, egitasmoan orain arte garatutako tresna guztiak aurkeztu dira, tartean, Euskaltzaindiak sortutako Euskara eskuz esku tresna digitala.

Labur esateko, Euskara eskuz esku (EEE) Ipar Euskal Herritik batasunari eginiko ekarpena da. EEEren helburua? Euskara batuaren arauak modu sinplifikatuan agertzea, Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratuz. EEEn Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratzen dira eta adibideetan euskara batuan onartzen diren Iparraldeko formak lehenesten dira. EEE Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke (www.euskaltzaindia.eus/eee).

Interreg Poctefa Linguatec proiektuaren helburu nagusia da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetzen duten baliabide, tresna eta aplikazio linguistiko berritzaileak garatu, frogatu eta zabaltzea. Proiektuak hizkuntzen arteko lankidetza teknologikoa egiteko aukera eman du, eta, haren bidez, hizkuntza-baliabide eta tresna berriak garatzeko, bai eta hiru hizkuntza horien lineako aplikazio berriak sortzeko, azkenean erabiltzaileek edukiak hizkuntza anitzetan eskuragarri izateko ere.