Goizeko 8tik eta 18.00ak are zabalik egon dira bozka tokiak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Parte-hartzeari buruzko lehenengo datuak 12.00tan eman ditu jakitera Prefeturak.
Badira sei urte baino hiru puntu apalagoa izan da parte-hartzea. 2015ean botoa emateko izena eman zutenen artean %17,84ak eman zuen botoa departamendu bozetan eguerdirako. Ordu berean %14,4 bertaratu da gaur. Edonola ere frantziar Estatuan (%12,2) baino bi puntu altuagoa izan da parte-hartzea Biarno eta Euskal Herria barne dituen departamenduan.
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak dituen 54 eserleku berrituko dira gaur eta ondoko igande bitartean eginen den bozketa honen bidez.
Hitzordu berean botoa emateko izena eman duten herritarrek Akitania Berriako Eskualdeko Kontseilua osatzen duten 183 kide ere hautatuko dituzte.
Izan ere, bai departamendua zein eskualdea euskal lurraldea aise gainditzen duten administrazio eremuak izanik ordezkari horiek guztiak ez dira Ipar Euskal Herrian hautatuko.
Departamenduko hauteskundetan kantonamendua da hautes-barrutia. Biarno eta Euskal Herria elkartzen dituen departamendua 27 kantonamendutan banatuta dago.
Parekidetasun legea aplikatuz, kantonamendu bakoitzean hautagai bikote bat hautatzen da. Beraz, Pauen bere egoitza nagusia duen kontseilu orokorra 54 kidez osatuta dago.
27 kantonamendu horietatik 12 baizik ez dira Euskal Herrian. Gauzak horrela gaur hasi eta heldu dek ekainaren 27an bururatuko den bozketaren bidez 24 ordezkari hautuak izanen dira Euskal Herrian. Lehenengo ondorioa argia da: Biarnoko ordezkariek dute gehiengoa Paueko kontseiluan.
Akitania Berriako makroeskualdea 2016an sortu zen. Azkeneko lurralde erreformaren ondorioz 13 eskualde handitan banaturik dago Hexagonoa.
Akitania Berriako Eskualdean 12 departamendu daude, horien artean Ipar Euskal Herria bere barne duen Pirinio Atlantikoen departamendua. 183 kidek osatzen dute bere kontseilua. Horietarik 22 Pirinio Atlantikoetako departamendu mailan hautatuak izan ziren 2015ean.
Departamendua
Departamendua ezagunagoa bada, batez ere gizarte alorreko eskunduntzak beregain hartzen dituelako. Garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, garraioa edota mugaz gaindiko eskuduntzen jabe da, bere aldetik, eskualdea.
Bere ordezkariak hautatzeko sistema -hautagaitzek departamendu guztietan behar dituzte zerrendak osatu- Estatu mailako alderdien neurrira egina dago.
Hauteskunde ereduak asko murrizten ditu, ondorioz, euskal lurraldea izpide duten alderdien aukerak.
Departamendurako bozetan Euskal Herria Bai izanen da 12 kantonamendutan hautagaiak aurkeztu dituen alderdi abertzale bakarra.
EAJ-PNBk ez ditu hautagaitzak aurkeztu. Alderdi jeltzaleak haitagaitza bi sostengatu ditu, bat Biarritzen eta bestea Baigura-Mondarraineko kantonamenduan.
Bi alderdi horiek ez dira present izanen eskualdeko bozetan.
Bigarren itzulian izateko baldintzak
Horretaz gain bigarren itzulira igarotzeko bozen %12,5ko langa behar da gainditu departamenduko bozen kasuan, %10koa eskualdeko hauteskunden kasuan.
Badira sei urte EH Baik bost kantonamendutan lortu zuen bigarren itzulira pasatzea. Behin-betiko bozketan Alain Iriartek bere eserlekua atxiki zuen.
Departamenduko kontseiluaren jarduneko presidentea Jean-Jacques Lasserre da. Bidaxunen sortutako agintari zentristak 77 urte ditu. Gehiengo Departamentala izena duen hautagaitza zabalaren baitan legealdi berri bat bilatuko du hauteskunde hauetan.
Akitania Berriako Eskualdeko presidentea Alain Rousset sozialista da. Laugarren agintaldi egin ditu dagoeneko Bordeleko erakundearen buruan. Bosgarrena xerkatu du gaur eta hurrengo igandean eginen diren bozetan.
Orotara 8 hautagai izanen dira lehian Akitania Berriako eskualdean. Inkestek diotenez, Rousseten areriorik nagusia Edwige Diaz Rassamblement National (RN) alderdi ultraeskuindarraren hautagaia izanen da. Beti ere inkestei so eginez gero Hexagonoko bospasei eskualdetan lehenak heldi daitezke RNko hautagaiak lehenengo itzulian.
Izan ere, bigarren itzuliari begira eskuin muturraren aukerak asko murrizten dira. Bederen, horrela gertatu da orain arte. Besteak beste «paktu errepublikarra» tarteko eskuinmuturrak zailtasun handiak izaten dituelako aliatuak lortzeko bigarren itzulirako.
Badira sei urte euskal kantonamendu bakar batean lortu zuen orduko Fronte Nazionalak bigarren itzulian izatea. Hain zuzen Errobi-Aturriko kantonamenduan gainditu zuen langa baina EH Bairen Alain Iriarten aurrean galdu zuen lehia.
Zentro-eskuina bateratua, ezkerra barreiatuago
Ezker soberanistak bere eremua frango zabaldu du azkeneko urtetan.
Ezkerra hexagonalaren kasuan, berriz, gainbehera nabarmena izan da.
2010ean Paueko kontseiluan gehiengoa lortu zuen PSk Gauche 64 koalizioren baitan.
2021ean PS eta ekologisten arteko aliantzak badira hainbat kantonamendutan. Izan ere akordio orokorraren ezean ezkerra hexagonalak eraginkortasunaren defizitari egin behar izan dio aurre kanpainan zehar.
Forces64 oinarri gisara harturik departamenduan agintean den zentro-eskuinak koalizio zabala osatu duen bitartean, ezkerraren eskaintza azkoz barreiatuago azaldu da.
Finean, aurreko departamendu bozetaz soilik ez, iaz egin ziren herri bozetan lortu zituen emaitzak bere alde jarriz alternatiba gisa sendotzeko helburua du Euskal Herria Baik.