Traineruen denboraldiko bigarren jardunaldia Getariara egin du salto igande honetan, eta giro benetan hunkigarria bizi izan da bertan. Izan ere, maiatzean lan istripuan hildako Andoni Galarragaren omenezko estropada izan da gaurkoa eta, KAE1 Ligan, etxeko ontzia izan da nagusi, garaipena berari eta familiari eskainiz. Hala, gipuzkoarrak bigarren dira sailkapen nagusian, liderra den San Pedrorengandik hiru puntura.
ETE Ligan, aldiz, Deustu izan da azkarrena, eta horri esker, lidertzan berdindu dute larunbateko estreineko estropadan lehen garaile izan zen Tolosaldearekin.
KAE1 Ligan, Getaria etxean irabazle eta festa ezinhobea
Sekulako festa sortu du Getariako ontziak, etxean, maiatzean lan istripuan hildako Andoni Galarraga arraunlariaren omenezko estropadan. Senideak bandera entregan egon dira, hunkituta, eta ez da gutxiagorako.
Hirugarren txandatik –lau izan ditu estropadak– irabazi du etxeko ontziak. Hasiera-hasieratik ikusi da getariarrak sendo eta indartsu zeudela. Lehen ziabogan, momentu horretako bigarren denborarik onena markatu dute, liderrarengandik bi segundora –denbora hoberena bigarren txandan aritu den Zumaiarena izan da, 4:40rekin–.
Baina bigarren eta hirugarren biraketetan estropada osoko denborarik onenak egin dituzte getariarrek –9:53 eta 14:55–. Azken marka 20:02.29koa izan da eta inork ezin izan du hautsi hurrengo txandan eta sentimenduak loratu egin dira ondoren ospakizunetan.
KAE1 - Andoni Galarragaren omenezko estropada
1. Getaria 20:02.29
2. Kaiku 20:04.69
3. San Pedro 20:10.65
4. Pedreña 20:13.93
5. Deustu 20:15.11
6. San Juan 20:23.48
7. Zumaia 20:39.12
8. Arkote 20:43.40
9. Orio 20:53.37
10. Camargo 20:54.77
11. Castro 21:00.53
12. Astillero 21:04.91
13. Lapurdi 21:33.50
KAE1 - Sailkapen nagusia
1. San Pedro 24 puntu
2. Getaria 21 p.
3. Kaiku 21 p.
4. Pedreña 21 p.
5. San Juan 18 p.
6. Arkote 18 p.
7. Deustu 16 p.
8. Zumaia 12 p.
9. Camargo 10 p.
10. Orio 8 p.
11. Astillero 6 p.
12. Castro 4 p.
13. Lapurdi 3 p.
ETE Ligan, Deusturen garaipena
Lehenago jokatu den estropadan, Deustuko ontziak garaipena erdietsi du Tolsaldearen aurretik eta, ondorioz, bi traineruak berdinduta daude sailkapen nagusian, 21 punturekin, denboraldiko bi jardunaldi bete direnean.
Lehenengo txandan Lapurdi, Castro eta Lutxana aritu dira. Bigarrenean, Isuntza, Ondarroa, Zumaia eta Zarautzek egin dute arraun. Eta hirugarren txandan aritu dira Deustu, Tolosaldea, Hibaika eta San Juan.
Ohorezko txandan, berdintasuna nabaria izan da lehenengo bi ontzien artean proban zehar. Estropadak zuen ziaboga bakarrean, Tolosaldea izan da guztien artean azkarrena (5:11). Segundu bateko aldea atera dio Deusturi (5:12), hiru aurreko txandan aritu diren Ondarroa eta Zumaiari (5:14) eta bost Hibaikari.
Baina bigarren luzean Deustu Tolosaldearen parera iritsi eta gainditu egin du, helmugan bost segundoko aldea ateraz. Hirugarren Hibaika izan da, hamabi segundora. Ondoren sailkatu dira Ondarroa, Zumaia, San Juan, Isuntza, Lutxana, Zarautz, Lapurdi eta Castro.
Hurrengo estropada hilaren 27an izango da, igandea, Pasai Donibanen egingo den IX. Pasaiako Ikurrinarekin (11.20).
ETE Liga - Andoni Galarraga
1. Deustu 10:38.63
2. Tolosaldea 10:43.96
3. Hibaika 10:50.43
4. Ondarroa 10:57.43
5. Zumaia 10:58.47
6. San Juan 11:02.11
7. Isuntza 11:13.52
8. Lutxana 11:25.67
9. Zarautz 11:26.02
10. Lapurdi 12:02.25
11. Castro 12:06.83
ETE Liga - Sailkapen nagusia
1. Deustu 21 puntu
2. Tolosaldea 21 p.
3. Hibaika 17 p.
4. San Juan 15 p.
5. Ondarroa 14 p.
6. Zumaia 14 p.
7. Isuntza 10 p.
8. Lutxana 7 p.
9. Zarautz 7 p.
10. Lapurdi 4 p.
11. Castro 2 p.