Arnaitz Gorriti

Etxe berria oinarri sendoak jarrita eraikitzen hastea du xede Gipuzkoa Basketek

Ibon Muñoz eta Aitor Uriondo, zuzendari orokor eta kirol zuzendari berria aurkeztu dira. Datorren denboraldian 800.000 eta milioi bat euro inguruko aurrekontua espero dute eta entrenatzaile berria «gipuzkoarra, taldearen egoerara moldatzeko gai eta urtebete baino gehiago egingo duena» nahi dute.

Ibon Muñoz zuzendari orokor berria, Nacho Nuñez GBCko presidentea eta Aitor Uriondo, kirol zuzendari berria
Ibon Muñoz zuzendari orokor berria, Nacho Nuñez GBCko presidentea eta Aitor Uriondo, kirol zuzendari berria

Hasi da eraikitzen Gipuzkoa Basket berria. ACB Ligako maila galduta, berriz ere Urrezko LEB Ligan jokatu beharko du, baina donostiarren helburua, etxebizitza sendoenekin gertatu ohi den moduan, oinarri sendoak ezartzea da hazten joateko helburuaz.

Hori dela eta aurkeztu dira kazetarien aurrean Ibon Muñoz zuzendari orokor berria eta baita Aitor Uriondo ere. Uriondok bigarren etapa hasiko du Gipuzkoa Basketen, baina 2001-02 denboraldian entrenatzaile izan bazen, orain kirol zuzendari berria da.

Nacho Nuñez presidentearekin batera aurkeztu dira jendaurrean aipatu bi gizonak. Presidenteak berak adiztera eman duenez, «ekonomia eta finantza arloa batetik, eta enpresa arloa bestetik, kirol arlotik bereiztea erabaki dugu». Hala justifikatu ditu aipatu bi fitxaketak eta «erraza izan ez den arren» adierazi duenez, «ez zait asko kostatu hauek biak konbentzitzea», gaineratu du.

Hala, Ibon Muñoz zuzendari orokor berriak hartu du, bada, hitza. Hasteko eta bat, denboraldi berrirako aurrekontua 800.000 eta milioi bat euroren artean izango dela adierazi du, nahiz eta «aurrekontuaren kopuru hau irteerako bat izateko bidean gaude, baina gero handitu egingo delako ustean» denboraldiak aurrera egin ahala, «klubak sortutako egitura berriek» prestatu dituen ekintzekin. Nuñez presidenteak horren harira, helburu nagusienak «egonkortasuna eta masa sozialaren handitzea» direla azpimarratu du.

«Klubaren diru sarrerak aktibatu eta masa soziala saskibaloira erakarri nahi ditugu, hala Donostian nola Gipuzkoam. Zentzu horretan, erakundeek oso harrera ona egin digute, eta presidenteak eta kontseiluak klubak eman nahi izan duten aldaketa sumatu dugu eurengan», onartu du Ibon Muñozek.

Atal askoko profila

Ostean hitz egin du Aitor Uriondok, eta berari dagokio Macelo Nicolaren ordezkoa bilatzea entrenatzaile izateko. Entrenatzaile berri horren profilak hainbat atal bete beharko ditu, kirol zuzendari berriaren hitzetan.

«Posible balitz, gipuzkoarra izan dadila gustatuko litzaidake, beti ere beste baldintza batzuk betetzen badira. Hasteko, denboraldi honi begira bila ari garen horren profila bete dezala. Horrez gain, entrenatzailea taldearen egoerara moldatzeko kapaza izan dadila eta azkenik, ez dugu urtebeterako baino izango ez den entrenatzaile bat nahi», bereizi ditu Urindok beste zeinahi ezaugarriren gainetik.

«Badakigu kirola nolakoa den. Helburu batekin lotu dezakezu norbait eta gero gauzak uste baino zailago bihurtu litezke. Dena den, gure lehentasunen arabera, entrenatzaile zentzudun bat, nora eta zertara datorren ongi dakiena eta taldea berregiten lagunduko duena eta hemen urtebete baino gehiago geratzea nahiko lukeena bilatzen dugu», berretsi du kirol zuzendariak.

Horrez gain, «epe laburrera begira, Gipuzkoa osoa eta klubean egon nahi duten pertsona guztiak emozionalki lotzea nahi dugu», azpimarratu du Uriondok.

«Epe laburrean zailtasunak handiak dira. Talde jaitsi berria da, eta zutabe estrategikoak eraiki behar ditugu. Gipuzkoan saskibaloiarekiko zaletasuna egon badago eta nahi horiei erantzun nahi diegu, jaso ez ezik, hartu-eman bat sortu. Emozioa sortu nahi dugu eta jendea taldearen eta klubaren eskutik joan dadila», azpimarratu du kirol zuzendariak.