NAIZ

Normalizatzailea den sistema «lehertzera» deitu du Bilgune Feministak E28ari begira

Euskal Herriko Bilgune Feministak «kuestionatu, eraldatu eta normalizatzailea den sistema lehertzeko» deia egin du ekainaren 28an ospatuko den LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren inguruan plazaratutako irakurketan.

Bilgune Feministak E28rako irakurketa plazaratu du.
Bilgune Feministak E28rako irakurketa plazaratu du.

LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren izango da ekainaren 28an, eta Euskal Herriko Bilgune Feministak bere irakurketa plazaratu du. Eguna maitasuna eta harreman afektibo sexualak nola eraiki eta elikatzen diren hausnartzeko eguna ere izan daitekela nabarmendu du..

«Maitale asko dituena, maitalerik ez duena, bikote harreman batean dagoena, ez dagoena; egoteko modu guzti horiei izaera politikoa ematean dago, hain zuzen, eraldaketa. Bakoitzak bizi dugun egoera, horrela dela eta horrela izango dela ziurgabetzat jotzean sortzen da eztanda. Harreman afektibo sexualen eta gainontzeko harremanen artean sortzen ditugun ranking horiek asko esaten dute sistemaz; alegia, nola banatzen ditugun denbora, planak eta sekretuak» hausnartu du.

«Plazerrez lehertu esan izan dugu, behin eta berriz, baina zer ostia da lehertu behar duguna? Leherketak gugandik urruti gertatzen dira maiz: banketxeetan, polizia komisaldegietan... Baina plazerez lehertzerakoan, eztanda gure baitan ematen da (edo beharko luke) eta hori, konpañeras, konplexuagoa izaten da. Bada, egin dezagun borroka plazerrez: esperimentazioak, hausnarketak eta kolektiboan josteak sortzen duen zirrara bilatu eta eztanda!» jarraitu du esaten Bilgune Feministak.

Norbera zalantzan jarri gabe eraldaketarik ez dagoela nabarmendu du Bilgune Feministak, aldaketa ez dala ariketa indibidualetan oinarritzen zehaztuz. Kolektiboan josten dena, norbere azalera eraman behar dela adierazi du: «Baina adi: eztanda ikusgarrienak ez dira izaten handiago edo sakonagoak. Ez da nahikoa esatearekin, lagun; Teoriak ondo daude, baina bizitza beste zerbait da».

Gaur egungo sistema «normalizatzaileari» planto egiteko deia egin du Bilgune Feministak. «Gure harreman afektibo sexualak, gure izaera edo kokapen identitarioak etengabe normaruntz eramaten dituen hori desobeditu! Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko... Tanta txiki batek eragin dezake edalontzi batek gainezka egitea; hortaz, gutako bakoitzaren tanta txikien alde!», aldarrikatu du.