Ipar Euskal Herriko ikasleak atzerritarren pare Hegoaldean
Bernat Etxepare Lizeoko hogei ikaslerentzat egun erabakigarriak datoz, uztailean jakingo baitute ikasketak euskaraz egiten jarraitu ahal izango duten Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Traba guztien gainetik «Euskal Herrian euskaraz ikasten jarraitu nahi» dute.
Ekainaren 17an egin zuten baxoko azterketa Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek eta haietako askok filosofiako azterketa euskaraz egin zuten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskaraz ikasteko ezartzen dizkien trabak salatu zituzten desobedientzia ekintza horrekin, baina trabak ez dira hor amaitzen, Hego Euskal Herrian ikasi nahi duten hogei ikasleek selektibitate azterketak amaitu arte itxaron behar baitute atera dituzten notak baliozkotu eta hautatu duten unibertsitatean onartuak izan diren jakiteko.
Oso ikasle gutxi dira arazoak ekiditeko unibertsitate pribatu bat hautatzen dutenak, gehienek EHUn ikasi nahi dute eta, ondorioz, bi plan antolatu behar dituzte. Batetik, Estatu frantseseko unibertsitate batean ikasteko izapideak egin behar dituzte, eta batzuek jada apartamentuak ere alokatu dituzte. Baina Hego Euskal Herrian ikasteko aukera dutela ziurtatzen bada, guztia bertan behera utzi eta Gasteiz, Arrasate, Donostia edo Bilbo aldera joko dute, Euskal Herrian eta euskaraz ikasten jarraitu nahi baitute.
Baionako Bernat Etxepare Lizeoan diren 119 ikasleetatik 19 ikaslek goi mailako lanbide heziketa egingo dute eta beste 100 ikasle unibertsitatera joango dira. Horietatik hogei ikasle baino gehiago dira Hegoaldean ikasketak egin nahi dituztenak. Iban Thikoipe, Bernat Etxepareko zuzendaria baikor da, Hego Euskal Herrian ikasi nahi duten ikasle kopurua gorantz baitoa. Duela bost urte %7 ziren eta gaur egun kopurua ia %25era igo da.
Aitzitik, ikasleek beste ikuspegi bat dute. Seaskak haien bidea ahalik eta gehien errazteko egiten duen lana balioesten dute, baina, euskaraz ikasten jarraitzeko dituzten zailtasunen ondorioz, ikasle gehienek frantsesez ikasteko hautua egiten dute, nahiz eta horrela, etxetik urrunago dauden unibertsitateetara joan behar duten.
Badaezpadako bi plan
Patxiku Ordouillek 17 urte ditu, Bardozekoa da eta medikuntza ikasketak egin nahi ditu EHUn, baina oraindik ez daki ahal izango duen. Ondorioz, badaezpadako plan bat jarri du martxan. «Aukera izanez gero nahiago nuke EHUra joan, baina Bordelen ikasi ahal izateko ere izapideak egin ditut eta jada uztailerako eta abuzturako apartamentu bat ordaindua dut», jakinarazi du Ordouillek.
Egoera berean da Aitzol Gil de San Vicente hendaiarra. Medikuntza ikasketak egin nahi ditu, baina oraindik ez daki bere notak baliozkotuak izango diren. «Azken momentura arte ezjakintasunean gaude eta erantzunen arabera azken unean dena alda daiteke, beraz, bata edo bestea, onartua izan ostean bietako bat bertan behera utzi behar duzu».
Mae Laskarai Lagan eta Loba Laskarai Inda, ostera, Gasteizera joateko prestatzen ari dira. Lehena Itsasukoa da eta Filologia ikasketak egin nahi ditu. Bigarrena Ortzaizekoa da eta Gizarte Langintzako Gradua egin nahi du. «Badaezpada ere Baionako Unibertsitatean ere izena eman dut, Ipar Euskal Herrian euskaraz ikas daitekeen karrera bakarra baita, nahiz eta hor ere badiren frantsesez egin behar diren ikasgaiak», eman du aditzera Itsasuko gazteak.
«Nire kasuan egin nahi ditudan ikasketak egiteko beharrezko nota ukanen dut, baina badugu lagun bat kirol ikasketak egin nahi dituena eta behar ditu 11 puntu 14ren gain eta ez da ziur lortuko duen. Beraz, guri ere eragiten digu, zeren ez gara ziur xerkatu behar dugun pisua lau edo hiru lagunentzat», argitu du Lobak.
Bide malkartsua
Ipar Euskal Herriko ikasleek Hegoaldean ikasteko bete behar dituzten baldintzak UNEDek beste edozein atzerritarri ezartzen dizkion berberak dira. Lehenik, Parcoursupen eskuratutako emaitza jasotzen dute maiatzean, jakiteko zein ikasketa egin ditzaketen Frantzian. Horren ostean, oraindik Hegoaldean onartuak diren jakin gabe, badaezpada ere Estatu frantseseko unibertsitate bat hautatu behar dute, eta gero, baxoko azterketa egiten dute.
Baxoko emaitza jaso ostean baliozkotu egin behar da. UNEDen izapidea egiteko 160 euro ordaintzen ditu ikasle bakoitzak, eta, horrez gain, baxoko notak baliozkotzeko kontsulatuan konpultsatu behar dira. Gero Madrilera igortzen dira txostenak eta han algoritmo bat aplikatzen dute baxoko notak selektibitatearekin alderatzeko. Hortik ateratako emaitzaren arabera uztail erdi aldera jakingo dute ikasleek zer ikasi ahal duten.
Ostatu hartzeko azpiegitura denborarekin antolatu daiteke, baina afera administratiboek beren epeak dituzte eta azken unera arte ez dute jakiten datorren ikasturtean zer eta non ikasi ahal izango duten. Hala ere, Gil de San Vicenteren iritziz, «aurrerapenak izan dira, zeren lehen egiten zuten hemen zenuen nota zati bi, hamarren gainean, baina ez zen erreala. Izan ere, orotara 14 puntu lortu behar dira, beraz, guk gehienez 10 puntu lortu ahal genituen, eta, medikuntzan esaterako, 12,5 puntu behar dira. Orain algoritmo baten bidez 14ren gain ezartzen dute nota».
Aurten arazo gehiago izan da baliozkotzeekin. Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria den Iban Thikoiperen esanetan, «urtarriletik bi bider saiatu ginen kontaktuan jartzen UNEDekin jakiteko lizeoen erreformak nola eragingo zuen, baina ez genuen erantzunik jaso. Martxo erdialdera jakin genuen haien webgunearen bitartez Biologia eta Matematika ez zituztela baliozkotuko. Hegoaldera ikasketak egitera joan nahi zuten ikasleen erdiak kaltetzen zituen horrek, ikasgai horiek gabe ezinezkoa baitzen beharrezko nota eskuratzea».
Ordea, denboraz larri ibili arren, azkenean lortu zuten arazoa gainditzea: «EHUrekin jarri ginen harremanetan, nahiz eta haiek ez duten eskumenik baliozkotzea egiteko, baina haien aldetik ere mugitzen hasi ziren eta gu aldi berean alderdi politikoekin lanean hasi ginen, horrela iritsi zen afera Madrilera eta handik etorri zen konponbidea».
Oztopoak gainditu, unibertsitate ikasketak egin eta titulu unibertsitarioa eskuratu ostean ere, bada beste arazo bat: Hegoaldean lortutako tituluak berriz balioztatu behar dira Estatu frantsesean onartuak izan daitezen. «Adibidez, nik Gasteizen egin behar ditudan ikasketak ez dira aski. Amaitu ostean Estatu frantsesean jarraitu behar dut eta gai batzuek berriz ere hasieratik egin behar ditut, titulua bere osotasunean onartua izateko», azaldu du Loba Laskaraik.
Gauzak horrela, Etxepare Lizeoko ikasleek gaitzesten dute «EHUn ikasteko Iparraldekoei oztopoak» jartzen dizkietela, ez dutela sustatzen Ipar Euskal Herriko ikasleek Hegoaldean ikastea eta hautu hori egiten duten ikasleak «bidetik ateratzera behartuak» direla. Oztopoak oztopo, baina, egin beharrekoak egiteko determinazio osoa hartua dute, haien aburuz, «mereziko baitu».