Jon Ormazabal

Frontoietara berriz ere itzultzeko presa handirik ez dute pilotazaleek

Ostiral honetan Amezketan jokatuko den partidarako eta bide batez, Jokin Altunari egingo zaion omenaldirako, 75 sarrera geratzen dira salgai, 205 inguru Leitzako larunbateko jaialdirako eta 649 igandeko Donostiakorako.

Gaur urtebete jokatu zen Astelenan itxialdiaren osteko lehen jaialdia publikoarekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Gaur urtebete jokatu zen Astelenan itxialdiaren osteko lehen jaialdia publikoarekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Pozez hartu zuten pilotazaleek, baina bereziki pilotariek, ostiral honetatik aurrera frontoietara publikoa itzuli ahalko denaren berria. Zazpi hilabete pasa dira azaroaren 6an, Ataunen, ateak, partzialki bazen ere, irekita jokatutako azken partidatik –Dariok eta Zubizarretak jokatu zuten Buruz Burukoaren lehen jardunaldiko partida ostiral arratsalde batez–, baina momentuz, behintzat, ez dirudi jendarteak halako presarik duenik pilotalekuetara itzultzeko.

Ez gutxienez asteburu honetarako saldu diren sarreren kopuruari begiratzen badiogu. Azken uneko aldaketekin, Amezketan, Leitzan eta Donostiako Atano III.ean izango dira profesionalen lehiaketak eta momentuz sarrera salmenta nahikoa mantso doa. Osasun protokoloak agintzen duenaren arabera, 200 pertsona inguru sar daitezke bihar, ostirala, Larrunarri pilotalekuan eta Aspe eta Baikok sarrera salmentarako duten web orrialdean 76 sarrera zeuden salgai arratsaldeko lehen orduan, sistema martxan jarri eta 24 ordu pasata, eta hori Jokin Altunari omenalditxoa egingo diotela bere herrian, Buruz Buruko txapela jantzi eta egun batzuetara.

Kirol pizgarriak badira

Hori bai, Amezketakoa da, momentuz, eskaririk handiena izan duena. Larunbatean Leitzan izango da jaialdia eta gaur gaurkoz 206 sarrera daude salgai eta 50 inguru saldu dira, web orrialdeko datuei kasu egiten badiegu behintzat. Kontutan izan behar da jaialdi horretan Oinatz Bengoetxea leitzarrak eta Baikon bere itzulerako lehen partida jokatuko duen Unai Laso daudela iragarria.

Eta igandeko Donostiako jaialdiak ere baditu erakargarri izateko osagaiak, esaterako, Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak euren Nafarroako Lau eta Erdiko partidak jokatu behar dituzte, amezketarrak Salaberriaren aurka eta Arbizukoak ostiraleko Peio Etxeberria/Dario neurketako irabazlearen aurka, baina momentuz 649 sarrera daude salgai. Pilotaleku handia izanda, legez, 800 pertsonakoa da Atano III.eko muga.