NAIZ

LGTBIQ kolektiboaren aurkako mehatxuei aurre egitera deitu dute EBko hamasei estatuburuk

Europako Batasuneko estatu eta gobernuburuen erdiak baino gehiagok eskutitz bat sinatu dute LGTBIQ kolektiboaren diskriminazioaren aurka. Hungaria eta eskoletan homosexualitateaz mintzatzea debekatzen duen legea espreski aipatzea saihestu dute.

Bruselako Udala, ostadarraren kolorez argiztatuta, LGTBI komunitatearekin elkartasunez. (Aris OIKONOMOU/AFP)
Bruselako Udala, ostadarraren kolorez argiztatuta, LGTBI komunitatearekin elkartasunez. (Aris OIKONOMOU/AFP)

Europako Batasuneko 27 estatu eta gobernuburuetatik 16k LGTBIQ kolektiboaren eskubideen aldeko eskutitza sinatu dute. Bertan kolektibo horren aurkako mehatxu eta diskriminazioari aurre egiteko deia egin dute. Gutuna Hungarian berriki onartu den legearen ondotik dator, nahiz eta testuan ez duten herrialde hori espreski aipatzen. Lege hori pedofilia delituen aurrean adin txikikoak babesteko tresna gisa iragarri du Viktor Orban lehen ministroak, baina LGTBIQ kolektiboa diskriminatzen eta estigmatizatzen duten neurriak jasotzen ditu; besteak beste eskoletan homosexualitateari buruz hitz egitea eta telebistan komunitate horren egoerari buruzko edukiak debekatzen ditu. 

«LGTBIQ komunitatearen diskriminazioaren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu eta gure oinarrizko eskubideak defendatu behar ditugu. Errespetua eta tolerantzia Europaren proiektuaren ardatz dira», diote eskutitza sinatu duten agintariek. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko buruari, Charles Michel Europako Kontseiluko lehendakariari eta Antonio Costa Europako Batasuneko txandakako presidenteari igorri diote gutuna.

Sinatzaileen artean Alemania, Estatu frantsesa eta espainola, Irlanda, Italia eta Herbehereetako agintariak daude. 

Asteartean, Belgika, Herbehereak, Luxemburgo eta EBko beste hamalau herrialdetako ministroek Hungariako legea salatzen zuen agiria adostu zuten eta Europako Batzordari Orbanen Gobernuaren aurkako ekinbideak hasteko eskatzen zioten.

Gaur kaleratu den eskutitzean, ordea, sinatu duten 16 estatuburuek uko egin diote Hungaria espreski aipatzeari. Gaur eta bihar 27 estatuburuak Bruselan biltzekoak dira eta, iturri diplomatikoen arabera, ez dute giroa gehiago berotu nahi, Orbanekin eztabaida tirabiratsua espero baitute.