Asier Aiestaran

ETE eta KAE Ligetako estropadak jokatuko dira igandean Pasaian eta Elantxoben

Pasaiako estropada badia barruko eremuan jokatuko da, normalean erabili ohi dena baino motzagoa. Emakumezkoek hiru luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte; gizonezkoek sei luze eta bost ziaboga.

Deustuk garaipen bikaina lortu zuen aurreko igandean Getarian (Jon URBE / FOKU)
Deustuk garaipen bikaina lortu zuen aurreko igandean Getarian (Jon URBE / FOKU)

Euskotren eta Eusko Label Ligak datorren uztailaren 3an hasi zain, ETE eta KAE Ligek beste hitzordu bana izango dute asteburu honetan. ETE eta KAE1 Ligetako estropadak Pasaian jokatuko dira eta KAE2 Ligakoa Elantxoben izango da.

Pasaiako proba 11.20an hasiko da ETE Ligako estropadarekin. Pasaiako IX. Ikurrina egongo da jokoan eta badia barruko eremuan jokatuko da, normalean erabili ohi dena baino motzagoa. Horregatik, nesken traineruek hiru luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte. Lehen txandan Castro, Lapurdi eta Zarautz irtengo dira; bigarrenean Lutxana, Isuntza, Zumaia eta Ondarroa; eta hirugarrenean San Juan, Hibaika, Tolosaldea eta Deustu.

Lehen bi jardunaldiak jokatu ostean, Deustu eta Tolosaldea berdinduta daude sailkapenaren buruan 21 punturekin eta garaipen banarekin. Hirugarren Hibaika dago 17 punturekin, San Juan laugarren 15ekin eta gertu daude Ondarroa eta Zumaia, biak 14rekin.

Ondoren, 12.00etatik aurrera, KAE1 Ligako estropadaren txanda izango da: V. Adegi Bandera. Kasu, honetan, gizonezkoek sei luze eta bost ziaboga egin beharko dituzte. Lehen txandan Lapurdi, Castro eta Astillero irtengo dira; bigarrenean Orio B, Camargo eta Zumaia; hirugarrenean Deustu, Arkote eta San Juan; eta azkenekoan Pedreña, Kaiku, Getaria eta San Pedro.

Maila honetan, San Pedro eta Getaria izan ziren aurreko asteburuan bandera bana irabazi zutenak, baina «Libia» erregularragoa izan zen bi egunetan eta liderra da 24 punturekin. Atzetik, Getaria, Kaiku eta Pedreña berdinduta daude 21na punturekin.

Azkenik, KAE2 Ligak Elantxoben izango du hitzordua igandean 12.00etan, bertan jokatuko baita XXXIII. Elantxobeko Traineru Estropada. Lehen txandan Trintxerpe, Santoña eta Hibaika irtengo dira; bigarrenean Deustu, Mutriku eta Busturialdea; eta hirugarrenean Zarautz B, Donostiarra B, Portugalete eta Hondarribia B. KAE2an estropada bakarra jokatu da oraingoz eta garailea Hondarribia B izan zen, Portugalete eta Donostiarra B-ren aurretik.