Orotara Biarno eta Euskal Herria elkartzen dituen Pirinio Atlantikoen Departamendua 27 kantonamendutan banatuta dago. Kantonamendu bakoitzean hautagai bikote bat hautatzen denez, Pauen bere egoitza nagusia duen kontseiluan 54 kide esertzen dira, horietatik hamabi gaur Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdin eginen den bozketak zehaztuko ditu.
Joan zen ekainaren 20an egin zen lehenengo itzulian 12 kantonamendu horietatik 11tan zentro-eskuinaren marka guztiak bere baitan hartu dituen Gehiengo Departamentaka izeneko hautagautzako ordezkariak nagusitu ziren. Hamabigarren departamendu batean, Hendaia, Biriatu eta Urruñako herriek osatzen duten hauteskunde-barrutian ezkerreko abertzaleek lortu zuten behin-behineko garaipena.
Hala, abstenzio altuak (%62koa izan zen hiru euskal lurraldetan) markatu zuen lehenengo itzulian boto gehien eskuratu zituzten hautagaitza bi izanen dira behin betiko lehian hamabi euskal kantonamendutan.
Bigarren itzuliari begira parte-hartzeko deiak zabaldu dituzte alderdi guztiek. Izan ere, parte-hartzeari buruzko behin-behineko datuek ez dute aldaketa handirik erakusten.
Pirinio Atlantikoen Prefeturak gaur 12.00etan plazaratu ditu parte-hartzeari buruzko lehenengo datuak. Botoa emateko izena eman dutenen artean %16,12 hurbildu da gaur bozkatzera.
Bataz besteko apala bada ere joan zen igandearekin alderatuta bi puntuz emendatu da parte-hartzea ordu horretan. Izan ere, arrasaldeko 17.00tan erakunde berak plazaratu dituen datuen arabera iragan igandekoaren parekoak badira.
Hala, Ipar Euskal Herria barne den departamenduan botoa emateko izena eman dutenen artean %32,65 joan da bozkatzera. Joan zen igandean, 17.00tarako, %31,37k eman zuen botoa. Puntu bat baizik ez da emendatu, beraz, parte-hartzea.
Gaurko buruz-burukoak
Sei kantonamendutan zentro-eskuina eta EH Baiko hautagaiak aurrez aurre izanen dira gaur. Zazpigarren batean, berriz, PS buru duen Gauche 64ko zerrendarekin lehiatuko dira ezkerreko abertzaleak.
Ekologistak presente izanen dira lau hautes-barrutietan. Izan ere iragan ekainaren 20an Biarritzen lortu zuten emaitzarik erakusgarriena. Biarritz Ecologie izeneko hautagaitzak bigarren itzulian izateko aukera irabazi baitzuen. EH Baik bere alde bozto ematea gaur eskatu du.
Ezkerra hexagonala oso ahulduta heldu da bigarren itzulira Baiona aldeko bere gotorlekuetan ere ezinezko egin zitzaiolako ekainaren 20an zentro-eskuinari aurre hartzea. Lehenengo itzulian pairatu zituen galerak hala hola murrizten saiatuko da gaurko bozketan. Angelun eta Lapurdiko hiriburuko hiru kantonamendutan lehiatuko da gaur beti ere Gehiengo Departamentalaren ordezkarien aurka. Alderdi Komunistaren sostengua ukan du ez ordea lehenengo itzulian kantonamendu bakar batean lehiatu zen Frantzia Intsumisoa alderdiarena.
2015ean hamabost eserleku eskuratu zituen zentro-eskuinak, sei sozialistek eta bat ezkerreko abertzaleek. Finean hautagai independente bik eskuratu zuten Paueko kontseiluan eseritzeko txartela.
Departamenduko bozekin batera Eskualdeko Hauteskundeetako bigarren itzulia eginen da gaur. Lehenengo itzulian Alain Rousset sozialista gailendu zen bozen %29a lortuta. Akitania Berriako lehendekari bezala jarraitzeko aukera ezin hobeak ditu. Bertze lau hautagai izanen ditu aurrean, ordea, gaurko bozketan.
Bozka-tokiak 8.00tan ireki dituzte eta arratsaldeko 18.00ak arte izanen dira zabalik.
Akitania Berriako makroeskualdea 2016an eman zuten plantan. Eskualdean hamabi departamendu daude, horien artean Ipar Euskal Herria bere barne duen Pirinio Atlantikoen departamendua.
Bordelen bere egoitza duen erakundeari urrun samar begiratzen zaio Euskal Herritik. Bere ordezkariak hautatzeko sistema -hautagaitzek departamendu guztietan behar dituzte zerrendak osatu- estatu mailako alderdien neurrira egina delako. Abertzaleek ez dute hautagaitzarik aurkeztu.
Lurralde Kolektibitatearen erakunde egitura duen Korsikan bozak izanen dira gaur. Asanblararako hauteskunde horietan aise irabazi zuen, lehenengo itzulian, Gilles Simeoni jarduneko presidenteak. Botoen %29a eskutan bakarrik aurkeztuko da bigarren itzulian ere.
Jean-Guy Talamoni buru zuen Corsica Libera alderdiaren hautagaitza bostgarren heldu den joan zen igandean. Bigarren itzuliari begira PNC alderdiarekin (Avanzemu hautagaitza) fusionatu du bere zerrenda. Behin behineko emaitzak ikusita ziurtzat eman daiteke abertzaileek jarraituko dutela Bastiako gobernua.