Orain artean WSL erakundeak antolatzen duen lehen mailako munduko itzulia zen prestigio eta garrantzi gehien zuen zirkuitua. Oraindik ere horrela da, noski, baina aurten lehen aldiz surfa Olinpiar Jokoetan izateak eragin handia izan du mundu guztiko lehiakideengan, denek nahi baitute euren aberria ordezkatuz domina olinpiko bat eskuratzea. Ondorioz, WSL zirkuituko egutegia egokitu behar izan du erakunde boteretsuak.
Batetik, Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko ISA erakundeak antolatutako egutegia kontuan hartu behar izan du WSL erakundeak, noiz eta pandemiaren ondorioz munduko zirkuitua osatzeko ohi baino zailtasun gehiago zituenean. Bestetik, hasiera batean osatutako egutegia aldatu eta une oro egokitu beharrean ikusi du bere burua orain artean munduko surf lehiaketen monopolioa esku artean izan duen erakunde pribatuak.
Gauzak horrela, uztailean egitekoa zen WSL zirkuituko Barra de la Cruzeko (Mexiko) txapelketa abuztura atzeratu behar izan zuten lehenik. Jarraian, Brasilen egitekoa zen lehiaketa bertan behera geratu zen. Izan ere, WSLko lehiakide esanguratsuenak Tokiora begira daude, eta, WSLko arduradunei gustatu ala ez, lehiakideek lehentasuna eman diete Olinpiar Jokoei.
Kelly Slaterren igerilekuan egin zen WSL zirkuituko azken lehiaketan argi ikusi ahal izan zen jada lehiakide asko Tokiora begira zirela eta nahiago zutela Kaliforniako igerilekuko txapelketari uko egin eta Olinpiar Jokoetarako prestatzen hastea, nahiz eta modu horretan WSLko rankingean puntu batzuk eskuratzeko aukera galdu.
Nesken zein mutilen artean ez dira gutxi lesio bat aitzakiatzat hartuta WSLko txapelketak alde batera utzi eta Tokion izateko prestatzen ari direnak, batez ere mutilen kategorian. Hona zenbait izen: Kolohe Andino, John John Florence, Jordy Smith, Michel Bourez, Jeremy Flores eta Julian Wilson.
Ezohiko formatua
Uztailaren 25etik abuztuaren 1era bitartean Japoniako Tsurigasaki hondartzan egingo den surf txapelketa olinpikoa ezohiko formatuan egingo da, izan ere, denbora mugatua izaki, egun gutxi horietan izango diren baldintzetara egokitu beharko dute lehiakideek. Tsurigasakiko hondartza ez da olatu onak eskaintzen dituen lekua eta egun zehatz horietan baldintza onak izatea ez da batere erraza izango, baina, edonola ere, baldintzak berdinak izango dira lehiakide guztientzat.
Mutilen kategorian parte hartuko duten hogei lehiakideetatik hamar 2019an CT itzulian lehendabiziko hamar postuak lortu zituzten lehiakideak izango dira. Betiere, hori bai, herrialde bakoitzak gehienez bi ordezkari izan ditzakeela kontuan hartuta. Horiez gain, ISA erakundeak 2019an egin zuen World Surfing Games txapelketako lau lehiakide, 2021ean El Salvadorren egin berri den txapelketako bost lehiakide eta 2019an ISAk antolatu zuen Panamerican Games txapelketako irabazlea izango dira lehian.
Nesken kasuan ere hogei surflari izango dira lehian eta ordezkaritza mutilen antzekoa izango da. Ordea, WCT itzuliko ordezkariak zortzi izango dira, eta, El Salvadorreko txapelketatik hautatuak, zazpi. Horri esker, Pauline Ado hendaiarrak Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izateko plaza lortu du eta Japonian izango den euskal surflari bakarra izango da.
Nesken zein mutilen kasuan, guztira bost kanporaketa gehi dominak eskuratzeko beste bi egingo dira. Lehen kanporaketa lau lehiakidez osatutako bost txandak osatuko dute. Kanporaketa bakoitzean lehen bi lehiakideak zuzenean hurrengo kanporaketara pasako dira eta, besteek, bigarren aukera bat izango dute. Bertan, bost lagunez osatutako bi txanda egingo dira eta txanda bakoitzeko lehen hiru lehiakideak hirugarren kanporaketara pasako dira.
Hirugarren kanporaketatik aurrera txanda guztiak buruz burukoak izango dira. Lehenik bi lehiakidez osatutako zortzi txanda egingo dira eta soilik irabazleek pasa ahalko dira laugarren kanporaketara. Laugarren kanporaketan, berriz, lau txanda egingo dira eta irabazleak bosgarren kanporaketara pasako dira.
Bosgarren kanporaketan buruz buruko bi txanda egingo dira. Irabazleek finalerako txartela erdietsiko dute eta finalean urrezko domina eta zilarrezko domina eskuratuko dituzte lortutako emaitzaren arabera. Bosgarren kanporaketako galtzaileak beste txanda batean arituko dira, brontzezko domina norentzat den erabakitzeko. Hau da, txanda hori irabazten duenak lortuko du brontzezko domina.