NAIZ

‘Gernikako Arbola’ ereserki gisa berreskuratzeko egitasmora batu dira 76 idazle

76 euskal idazlek ‘Gernikako Arbola’ kanta Euskal Herriko ereserkia izatearen aldeko agiria sinatu dute. Jose Maria Iparragirreren kantak «herri himno tradizioa eta onarpen orokorra» duela azpimarratu dute. Gainera kanta honetaz mila literatur aipamen bildu daitezkeela aipatu dute agirian.

Euskal Herriko ereserkia Gernikako Arbola kanta izan beharko lukeela aldarrikatzeko ekimena 2020an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Euskal Herriko ereserkia Gernikako Arbola kanta izan beharko lukeela aldarrikatzeko ekimena 2020an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2020ko abuztuan Euskal Herriko musikari, kantari, Orkestra-Abesbatz eta Bandetako zuzendari andanek ‘Gernikako Arbola’ Euskal Herriko ereserki bezala berreskuratzeko manifestua aurkeztu zuten Iruñean. Harrezkero, hainbat kulturgileren atxikimendua jaso ditu egitasmoak. Azkena 76 euskal idazlek egin dute.

‘Gernikako Arbola’ gerra karlisten sasoian sortu zela gogoratu dute. «Hala ere, bai karlistek eta bai liberalek abestuko zuten laster. Hegoaldeko euskaldunen artean zabaldu zen, eta iparraldean ere bai, eta munduaren bestaldera joandako euskaldunek ere hartu zuten sorterriaren himnotzat. Abesti hori gauza izan zen luzaroan euskaldunen bihotzak bateratzeko», azaldu dute.

«Bazirudien Gernikako Arbola zela euskaldunen berezko himnoa. Baina orain berrogei urte, instituzionalizazio berrian, beste himno batzuk ofizialdu ziren eta, apur-apurka baztertu zen Gernikako Arbola», diote.

EAEk ‘Eusko Abendaren Ereserkia’ hartu zuen himnotzat 1983an, eta Nafarroak ‘Gorteetako himnoa’ aukeratu zuen 1986an. Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa himno ofizialik gabe dago oraindik.

Aurreko bi kantek Euskal Herriaren zati batekoak direla nabarmendu dute idazleek agirian eta, aldiz, Jose Maria Iparragirreren ‘Gernikako Arbola’k herri himno tradizioa eta onarpen orokorra duela azpimarratu dute. Gainera kanta honetaz mila literatur aipamen bildu daitezkeela aipatu dute agirian.

«Euskaldunek zatiketa historia luzea bizi izan dugu, zoritxarrez. Geure arteko borroka aldiak ere bai. Elkarbizitza baketsu eta onuragarria ez da berezkoa, baizik behin eta berriro eraiki beharreko zerbait. Gure zabalera zatituaren, aniztasun kulturalaren eta proiektu politiko diferenteen gainetik, komunitate bat dugu, eta sinbolo komun eta adostuak izatea komeni zaigu», aldarrikatu dute.

Horregatik proposatu dute euskaldun guztien ereserkitzat ‘Gernikako Arbola’. Agiria sinatu duten 76 idazleen artean Joxe Agustin Arrieta, Iñaki Egaña, Idurre Eskisabel, Lander Garro, Miren Gorrotxategi, Joxe Iriarte ‘Bikila’, Anjel Lertxundi, Toti Martínez de Lezea, Jon Maia, Joseba Sarrionandia eta Patxi Zabaleta daude, besteak beste.