Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

15-49 urte artekoen %56,2ak txertoaren lehenengo dosia jaso du Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan populazioaren %60,3ak covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat jaso du. Prefeturak nabarmendu duenez lau pertsona helduetatik hiruk behin-behineko babesa badu. Frantziar Estatuan populazioaren erdiak jaso du txertoa.

Ekainaren erdian 12 urtetik gorakoen txertaketa zabaldu zen Ipar Euskal Herrian. (ARS)
Ekainaren erdian 12 urtetik gorakoen txertaketa zabaldu zen Ipar Euskal Herrian. (ARS)

Pirinio Atlantikoen departamenduan frantziar Estatu mailan baino azkarrago doa txertaketa prozesua.

Parisko osasun agintariek emandako datuen arabera, frantses populazioaren %50ak jaso du gutxienez txertoaren dosi bat. Orotara 33.533.728 herritarrek behin-behineko babesa jaso dute.

Alta, populazioaren %32,40ak baizik ez du txertaketa prozesua burutu. Aldaeren zabalpen azkarrari erreparatuz, bigarren datu horrek kezka sortzen du.

Ipar Euskal Herria barne den departamenduan populazioaren %60,3ak jaso du bederen lehenengo dosia.

Paueko Prefeturak ohar baten bidez gaur jakitera eman duenez, frantziar hiriburuaren ostean populazioa azkarrago txertatzen ari den eskualdea da Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen dituen departamendua.

Prefeturak adinaren batez-bestekoak ere plazaratu ditu. Datu horien arabera, 75 urtetik gorakoen %89,8ak txertoa hartu du, baita 65-74 urte artekoen %94,1ak ere.

50-64 urte artean diren herritarren %79,6k jaso du txertoa. Belaunaldi gazteei dagokienez, 15-49 urte artekoen %56,2ak gutxienez txertoaren dosi bat jaso du.

Iragan ekainaren 15az geroztik nahi duen orok eskatu dezake txertoa Ipar Euskal Herrian, adin irizpidea bertan behera utzi baitzuen data horretan Gobernuak.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak eskainitako datuek erakusten dutenez, populazio gazteak baikorki erantzun dio txertatzeko aukerari. Jakin behar da osasun agintariek gazteei zuzendutako kanpainak eman dituztela plantan gaixotasunaren aurrean beldur gutxiago sentitzen duten populazioari zuzenduta.

Izan ere, osasun agintariek udan zehar txertatzeko prozesua motelduko den beldurra dute.

Horrendako, bai udatiar anitz jasotzen duten eskualdeetan baita udako sasoian ospatzen diren ekimenetan hitzordua eskatzeko beharrik gabe txertoa hartzeko aukera nahi dute zabaldu.

Aski ikusgarria izan da Tourra baliatuz txertaketa ibiltaria bermatzeko plantan eman duten dispositiboa.

Horrekin batera osasun agintariek txertoaren bigarren dosia hartzeko epeak moldatu dituzte, herritarrek txertaketa erdizka utz ez dezaten oporrak direla medio.

Derrigorrezko txertaketaren atarian?

Txertaketari buruzko datu itxaropentsu horiek data berezi batean heldu dira. Gaur, ekainaren 30ean , amaitutzat eman dituzte oraindik ere indarrean ziren neurri murriztaileak.

Jatetxe, ostatu, zinema zein saltegietan edukia murrizteko neurriak bertan behera gelditu dira, hain zuzen udako beherapenak hasi diren egun berean. Ondorioz, saltzaileak kontent azaldu dira bezeroak hartzeko trabak desagertuko direlako.

Edonola ere, prebentzio neurriak berdin indarrean direla, eta bai maskara bai distantziari buruzko neurriak behar direla errespetatu gogoratu dute osasun agintariek.

Taldeko immunizazioa lortzeko beharrezkoa den txertaketa maila lortu bitartean «herritarren zein profesionalen erantzukizuna» atxikitzearen beharra azpimarratu du Osasun Ministerioak.

Olivier Veran Osasun ministroak urrats bat gehiago eman du. Adinekoen eta elbarritasun handiak dituzten egoitzetako zuzendariengana jo du mezu argi batekin: txertaketa maila %80ra heltzen ez bada, irailetik aurrera zentro horietan lan egiten duten enplegatuek nahitaez txertoa beharko dute hartu.

Gaur gaurkoz egoitzetan lan egiten duten beharginen artean %60 baino gutxiago txertaturik dago. Osasun ministroak azaldu duenez, «ulergarria da langileak nekatuta egotea eta zailtasunak izatea, arrazoi ezberdinetatik, txertaketari buruzko gomendioak garaiz jarraitzeko, baina ezin dugu inondik inora onartu covid-19aren agerraldi berriak gertatzea pertsona zaurgarriak bizi diren egoitzetan».

Lehen aldia da covid-19ren aurkako txertoa derrigorrezkoa bilakatzeko aukera zehatza aipatzen dela. Gobernuko iturriek oroitarazi dutenez, badira derrigorrezkoak diren txertoak. Hala, B hepatitisaren aurkako txertoa jartzera behartuta daude erietxeetan lan egiten duen langile orok.