2022ko maiatzaren 22an hirugarrenez ospatuko da Ibilaldia Bilboko Abusu ikastolan, ‘Erro, harri, har’ leloarekin oraingoan, antolatzaileek ostegun honetan emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Bizkaiko Ikastolen aldeko hurrengo jaiaren logoak hiru errotarri adierazten ditu, hain zuzen Abusu ikastolaren egoitza antzinako El Pontón errotan kokatzen delako, eta leloak ere hiru hitz dituelako.
«Erro, sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotu asmoz. Harri, harria bezain gogor jardungo garelako, euskara eta ikastolaren alde gotortuta, Euskal Herrian erraza ez den egoeran, temati; inmersioaren aurka iparraldetik zein beste nonahitik haizea badatorrelako. Har, harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz. Berdintasuna ere helburu dugulako, pandemiak berriz ere handitu dituen zailtasun eta arrakalen aurrean; hezkuntza inklusiboa eta unibertsala, finean. Eta barne-beka sistemarentzat hartzaileak nahi ditugulako. Eta har, baita ere, langile konprometituenak ere hartu nahi ditugu, erakarri, geureganatu, eutsi. Egindako lanaren ederra gozatuz, publikotasuna ulertzeko gure eratik, gure proiektuaren balioak lehenetsiz, oposizio eta oposaketa guztien gainetik», esplikatu dute.
Horrela, datorren maiatzean hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Abusun, aurretik 1994 eta 2001ean ere egin baitzen. Herri handieneko ikastola txikienari egokitu zaio, beraz, Ibilaldiaren 40. edizioaren ardura.
Abusu ikastola
Abusu ikastolako kideek azaldu moduan, 1977. urtean guraso talde txiki batek Abusu Ikastola sortu zuenean, parrokiako behe solairuetan kokatuta zegoen. Ondoren, Arrigorriagako Udalaren lokaletara pasatu ziren.
1980. urtean Zaratamon eskualdeko ikastola bat eraiki zen: bertara inguruko umeak joaten ziren Lehen Hezkuntzako ikasketak egitera, Abusu, Ugao, Arrigorriaga (erdialdea) eta Zaratamoko ikasleak joaten ziren bertara. Haur Hezkuntza berriz, ikasleen herri eta auzoetan egiten jarraitzen zuten.
1993. urtean Abusu Ikastolak, Euskal Herriko Ikastolen Elkartean mantentzea erabaki zuen; aldiz, Zaratamoko eskualdeko Ikastolak, hezkuntza sare publikoan sartzea erabaki zuen. «Une honetan beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu genuen: Haur Hezkuntzako ikastola bat izatetik Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzea erabaki genuen», esan dute.
Orduan erabaki zuten bost mende lehenago El Pontón errota zegoen tokira mugitzea.