NAIZ

Hernaniko alkateak baheketa masibo bat eskatu dio Osasun Sailari

115 positibo berri atzeman dituzte Hernanin azken 7 egunetan eta intzidentzia metatua 621,5ekoa da. Alkateak baheketa bat eskatu du, egoera «larria» delako eta kutsatzeak «abiadura handian» igotzen ari direlako.

Komunikabideak Hernaniko fokuaren berri ematen. (Jon URBE/FOKU)
Komunikabideak Hernaniko fokuaren berri ematen. (Jon URBE/FOKU)

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik herrian baheketa masibo bat egiteko eskatu dio Gotzone Sagardui buru duen sailari. Izan ere, udalerria gune gorrian dago, gero eta covid-19 kutsatze gehiago identifikatzen ari dira eta oraindik ez dakite fokuaren sorburua zein den.

Horregatik, kutsaketen iturria aurkitzeko xedez, Lertxundik bere esku dauden «baliabide guztiak» eskaini dizkio Osasun Sailari, «gauzak ahalik eta ondoen egiteko eta egoera okerrera joan ez dadin».

Joan den asteko San Juanetako ospakizunekin lotuta, alkateak azaldu du ez dutela «informazio nahikorik» kasuen gorakadak asteburu horretako jende pilaketekin loturarik duen ala ez ondorioztatzeko. Gainera, azken egunotan herri guztietan ohikoa baino jende joan-etorri handiagoa egon dela azaldu du EH Bilduko alkateak.

Udal anbulategia, mahaitik kanpo

Ostegune honetan bertan bildu den mahai teknikoaren harira, Lakuak Hernaniko anbulategiko arduradunei parte hartzen utzi ez diela salatu du Lertxundik: «Positiboetatik haratagoko datuak, intzidentzia eta adin tartea aztertzeko batu ziren». Hala ere, Lertxundik baieztatu du Udaletxeak ez dituela datu hauek «jaso» horien araberako «neurriak hartu» ahal izateko.

Hala ere, alkateak aurreratu du Udalak bere konpetenzien eta zerbitzuen barruan sartzen diren neurriak hartuko dituela. Hau da, aforo murrizketak egingo dituela udal eraikinetan, zerbitzuetan eta programatutako kultur ekitaldietan.

Hortaz gain, alkateak azaldu du herritarrekin «ohikoa baino harreman estuagoa eta luzeagoa» duten udal langileei test bat egiteko aukera emango diela. Hain zuzen ere, ikastaroak eta beste zerbitzu batzuk ematen dituzten langileei.