Interview
Elorri Falxa
Seaskako irakaslea

«Indartuak atera gara okupazio eta manifestazioaren ondoren»

Donapaleun aste honetan brebeta eta baxo azterketa ofizialak euskaraz egin daitezen aldarrikatzeko egin diren mobilizazioen antolatzaileetako bat da Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko irakasle Elorri Falxa. Azterketak zuzentzeko ardura ofizialari uko egin dion irakasleetako bat ere bada.

Elorri Falxa Seaskako Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko irakaslea. (NAIZ)
Elorri Falxa Seaskako Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko irakaslea. (NAIZ)

Ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren Seaskako ikasleek baxoa eta brebeta azterketa ofizialak frantsesez pasatu behar izatea salatzeko mobilizazio anitz egin dira ikasturte honetan, eta Elorri Falxak horietan parte hartu du. Alde batetik, aste honetan Donapaleuko kolegioa okupatu dute hiru egunez. Ekintza horrekin, debekatua izanik ere Seaskako ikasleek euskaraz egindako brebeta azterketak handik ez ateratzea lortu nahi zuten, zuzentzaile frantsesei banatu ez ziezazkieten. Ekintza amaitzeko, ostegunean 1.500 pertsona baino gehiago bildu zituen manifestazioan hitza hartu zuen.

Bestalde, Ikastolen Federazioko zenbait irakaslek «injustizia» horren aitzinean Hezkunde Nazionalak ematen duen zuzentzaile lana ez egitea deliberatu zuten, eta horien artean da ere Larzabaleko kolegioko irakaslea.

Nola baloratzen duzue aste honetan egin den okupazioa eta osteguneko manifestazioa?
Ukan dugun sostengua biziki baikor baloratzen dugu, eta arrunt indarrez beteta ateratzen gara okupazio eta manifestazio horretatik. Okupazioa biziki ongi pasatu delako, sentitu dugu indarra bai gazteetan, bai gurasoetan, eta manifestazioa Donapaleun ostegun batez arratsaldeko seietan egitean ez zen irabazia jendea biltzea.

Beste ekintzaren bat egiteko asmorik duzue, ala hurrengo ikasturtean jarraituko duzue?
Hemendik goiti hautetsiek hartu dute lekukoa; uda honetan bilduko dira; nahi dute gaia aurrera eraman. Gu gero kolegioekin irailean berriz hasiko gara.

Zer lan eginen dute?
Ostegunean manifestazioan izan ziren hautetsiek nahi dute Euskal Herrian zehar mezua pasarazi, banan-banan deitzera joanen dira. Mobilizazioa Nafarroa Beherean abiatu denez, hautetsi anitz inguru honetakoak dira; lana ere bada kostalderantz joatea sostenguen bila.

Okupazioan, euskaraz idatzitako brebeta azterketak Donapaleuko kolegiotik ateratzea eragotzi nahi izan zenuten. Orain non diren badakizue?
Ez, ez dugu deus jakin. Uzten gaituzte kanpo, ez digute informaziorik ematen, eta ez digute eman nahi ere.

Ostegunean azterketa ofizialen fotokopiak zuzendu zenituzten zuzentzaile euskaldunek. Seaskako irakasleez gain, eskola publiko eta pribatu katolikoetakoak ere izan ziren.
Zuzenketa alternatiboa egin genuelarik hor ginen hiru hezkuntza sareetako irakasleak. Gainera, zuzenketa ofiziala egitera joan ziren irakasleek aipatu digute, desobedientzia gisara brebeta azterketak ez zuzentzea erabaki dugun irakasleekiko sostenguz, zuzenketa zentro barnean behin eta berriz galdetu zutela euskarazko kopiak ukaitea zuzendu ahal izateko ofizialki. Beraz, barnean ere izan zen sostengua.

Noiz jakinen dira brebetaren emaitzak?
Normalean heldu den ostiralean ikasle bakoitzari ematen diote bere nota, baina kolegioek eta administrazioek ez ditugu ukai-ten irailera arte eta ordura arte ezin izanen dugu konparaketa ofiziala egin. Baina guk lehenago jakinen ditugu, eta ikasleei igorriko dizkiegu euskaraz zuzenduak izan direnen notak, jakin ditzaten.

Hezkunde Nazionaletik berririk izan duzue?
Batere ez; aldiz, zuzenketa alternatiboa egiten ari ginelarik,  Inspekzio Akademikotik hiru pertsona mandatuak izan ziren, gu begiratzera, eta zaintzeko nola pasatzen zen. Beraz, badakigu zerbait mugitu dugula, baina besterik ez.

Azterketak zuzentzeari uko egin diozuen irakasleek berririk izan al duzue?
Irakasleok hurrengo asteetan berriak izanen ditugu. Eta hori jakinaraziko dugu, ez da isilpean egonen.

Horregatik zigor administratiboak izango dituzue. Ba al dakizue zer-nolakoak?
Erran ziguten joaten ahal zela isunetik kanporatuak izateraino. Biziki zabalak dira aukerak.

Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala dela erabakitzeak zuen mobilizazioan eragina izan duela uste duzu?
Uste dut Konstituzionalaren erabakiaren ondorioz sortu den haserreak gure borrokan eragina izan duela. Zeren hor jendea ohartu da zinez zein egoera kaskarrean garen oraindik gaur egun.