Maitane Aldanondo

Olatukoop, uholde izan nahi duen olatua

Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailean diharduen Euskal Herriko kooperatiba eta enpresa komunitarioen sarea da. Zazpi urtean 54 kide batu ditu «bizitza bizigarriak denontzat» lortzeko asmoz.

Elkarlana sustatu eta interkooperazioa aztertzeko Olatukoop-ek duela bi urte Irunen antolatutako jardunaldia.    Jon URBE | FOKU
Elkarlana sustatu eta interkooperazioa aztertzeko Olatukoop-ek duela bi urte Irunen antolatutako jardunaldia. Jon URBE | FOKU

Lotu, eutsi eta partekatu. Indarrak batu, eta ekonomia sozial eraldatzailea (ESE) sustatzea xede du Olatukoop sareak. Kide bakoitza autonomoa da eta, era berean, ahal bezainbeste elkarri laguntzen saiatzen dira. Hori egituratzeko hiru batzorde dituzte: koordinazioa, zaintza eta diruzaintza, baita zenbait lantalde finko ere, eta beharrezkoa bada, batzordeak eratzen dituzte.

Kideak askotariko sektoretakoak dira, besteak beste, elikadura, finantzak, teknologia, aholkularitza, komunikabideak edo esku-hartze soziala. Irekia da eta azken hilabeteetan hainbat egitasmo batu dira. Pandemiaren ondorioz, «indartze bat» nabaritu dute.

Olatukoopeko koordinatzaile Enara Iruretagoienaren esanetan, «aspalditik krisi multidimentsional batean sartuta gaude, baina gure egunerokoan nabaritu dugunean ekonomia kapitalista eredu hau ez dela bizigarria, ezin duela aurrera egin, gorakada bat izan da. Kontent gaude». Horrek, ordea, egitura lantzera behartu ditu, antolamendua benetan izan dadin horizontala eta demokratikoa.

Indarrak batzeaz gain, tokian tokiko eragile sozioekonomiko eta komunitarioen interkooperazioa sustatzea dute xede, ekonomia sozial eraldatzailea hedatzeko. Era berean, badira hainbat proiektu alor horretan dihardutenak, «ez dutenak aitortu edo ez diotenak hitz horiek jarri», eta haiei bat egiteko gonbidapena luzatu die Iruretagoienak. «Sarean indartsuagoak gara, kapitalismo basati honen aurrean ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarrekin egotea».

Erronka potoloa dute «beste eragile guztiak inplikatzen eta ahalduntze pertsonalak zein kolektiboak gauzatzen». Webinarrak egin dituzte askotariko burujabetzez eta hauekin intersekzionalitateak bilatuta, Euskal Herri burujabe baten bila. Ateratako emaitzak urrian aurkeztuko dituzte. Halaber, azaroan, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen 2. Topaketa egingo dute, mugako bi aldeetako pertsonak batu eta espazioaren lotura lantzeko.

Sei ardatz

Asmo horiek guztiak erdiesteko sei lan ildotan dihardute, bakoitza zenbait proiekturen bidez gauzatuz. Lehena, eredu propioaren eraikuntza da. Neoliberalismotik harago doan diskurtso propioa sortuz «praktika zehatz eta lurreratuetatik»; Iruretagoienaren esanetan, hori da Olatukoopen «indarguneetako bat», lehenik jardun eta ondoren teorizatzen dutela.

Horri lotuta, bigarrena, ekintzailetza sozial kooperatiboa garatzea. «Saltzen den ekintzailetza ereduaren aurrean, gora eta aurrera egiten duena, eraldatzailea den eredu berri bat sortzen saiatzen gara». KoopFabrika egitasmoaren bidez egiten dute, bereziki. Bertan, beste eragile batzuekin batera, kooperatiba berriak sortzen dituzte edo enpresei aukera ematen diete ESEren balioa ikasteko, euren proiektuetan txertatzeko.

Horrez gain, interkooperazioa eta mutualismoa ere bultzatzen dute, sarean elkar lotuta «proiektu handiagoak, intersekzionalitate gehiago dituztenak» lortzeko. Bide horretan, elkarlana sustatu eta babes materiala ematen dieten tresna mutualistak sortzen doaz, funts mankomunatu bat osatuaz.

Olatukoop sareko proiektuak Euskal Herrian errotuak daude, bai Hego bai Ipar. Iruretagoienak azaldu duenez, lurraldea eta eraldaketa soziala ildo garrantzitsu bat da, «gure lurretatik gure lurretara izatea ezinbestekoa dela ikusten dugu politika globalizatzaileei aurre egiteko».

Halaber, ESEren ikusgaitasuna eta memoria kooperatiboa ere lantzen dute. Kooperatibismoaren bosgarren olatutzat dute euren burua eta ezinbestekotzat dute aurrekariak aztertzea.

Azken asmoak aurreko guztia barnebiltzen du: bizitza bizigarriak denontzat. Ekonomia Feministak azaleratutako lan produktibo-erreproduktibo dikotomia apurtu, eta merkatutik kanpo geratzen den eremu horri ere erreparatzen diote, bizitza sostengatzeko duen garrantzia aitortuta.

«Bizitza bizigarriak denontzat izateko, parte horretan dagoen guztia poliki-poliki lantzen eta kolektibo zaurgarriak txertatzen joan behar dugu». Ez da erronka erraza, baina bidea egiten badabiltza Kooperatibak Denontzat proiektuaren bidez, gazte migratuekin eta zaintza lanetan diharduten emakume migratuekin lanean ari dira.