Iker Gurrutxaga
Interview
Ianire Aranzabe
Musikaria

«Badirudi gazteok ezin dugula nostalgiarik izan»

«Aireratzen» diskoa kaleratu berri du Ianire Aranzabe Altzagarateko musikariak. Aireratzea, ordea, zerbait xumea bezala aurkeztu du, «hegazkinak bezalako gauza handiak etortzen zaizkigun arren burura hitz hori esatean».

Herrian bertan, Altzagaraten, jatetxe bat zuten gurasoek. Famatuak dira bertan ospatzen ziren erromeriak, baina beste ibai batzuetan egin du igeri 21 urteko Ianire Aranzabek. Esan Ezin da bere proiektua eta “Aireratzen” lehen lana, eta trikiti eta pandero arrastorik ez dago. «Askok esango dute, ‘zer ari da Altzagarateko tipa bat musika hau egiten?’. Bada, Altzagarate herri txikia da, baina baditu helduleku ugari, e!». Izan ere, txikitasunean handi, kantua ere eskaini dio herriari; «Altzagarate kokatu dut mapan, eta bada garaipen txiki bat, ematen dit horrek harrotasun puntu bat!».

Zazpi kantuz osatuta dago Aranzaberen lehen lana, eta hasiera Zestoako Gaztain estudioan eman bazion ere, Bartzelonako Turonet estudioan grabatu du gainerakoa eta bidelagun izan du Oriol Flores bateria-jotzailea eta irakaslea. Gitarra klaseak hartzen zituen Aranzabek Ordiziako musika eskolan eta ikasturte bukaerako emanaldia prestatzen ari zirela ezagutu zuten elkar Aranzabek eta Floresek. «Entsegua bukatzean esan zidan asko gustatzen zitzaiola nire ahotsa eta noizbait zerbait egin nahi banuen jotzeko berarengana. Baina ni garai horretan ez nengoen oraindik prest, ez nuen konfiantza nahikorik» eta ezetz esan zion, ez zela momentua. «Begira nori esan nion ezetz, Izaroren bateri-jotzaileari!», esan du.

Ezezko hori, baina, baiezko bihurtu zen hortik denbora batera; Aranzabek konfiantza hartu zuen eta Oriolek, berriz, jakin zuen itxaroten; «hasieratik izan dugu oso konexio ona, eta berak beti oso ondo jakin izan du niri espazioa uzten. Urtebetera esan nion baietz. Oso berezia izan da proiektu hau berarekin hastea».

Esan daiteke barruak askatu dituela Altzagarateko jatetxeko alabak. «Inguruko jendearengandik nahiko diferente sentitu izan naiz, eta Altzagarate bera da horren adibide. Ordiziatik 15 minutura gaude, baina Ordizian badaude frontoia eta dendak, eta beste modu batera bizitzen dira gauzak. Altzagaraten ez genuen ezer… Askotan saiatzen gara molde batean sartzen, beste modu bateko izaten… eta ohartu naiz gauzak ez direla horrela».

Nahiz eta pandemiak ezohiko bisitariak ekarri dituen herrira, leku lasaia da Altzagarate, eta lasaitasun horrek laguntzen dio kantuak sortzeko garaian. «Gustatzen zait leku lasaia delako, zein naizen eta nora joan nahi dudan ikusteko lekua da niretzat».

Pop doinuak

Herrian ohikoak ziren erromerietatik urruti, pop doinuetan murgildu da Ianire Aranzabe. Bere eraginei buruz galdetuta, Lauroba taldeak asko inspiratu duela adierazi du, baina, batez ere, atzerriko musikan zorroztu duela belarria. «Asko gustatzen zait Vetusta Morla, eta kantatzeko estiloan erreferentzia da niretzat La M.O.D.A.-ko David». Aitortu digu, nahiz eta disko honetako inspirazio ez diren izan, Lain taldearekin hasi zela bera musika maitatzen, musika munduan sartu bada haiengatik izan dela.

Bizitzak irakatsitakoak

21 urte baditu ere, atzera begira ere jarri da Ianire Aranzabe; badirudi disko honetan orain arte bizitakoa kantu bihurtu duela. Besteak beste, badu kantu bat “Denbora” deiturikoa eta irri egiten du 21 urteko gazte batek nostalgia izan ote dezakeen erantzuterakoan. «Askok galdetu didate hori, eta badirudi gazteok ezin dugula nostalgiarik izan. Iraganeko denbora batek nostalgia eman dezake badakigulako ez dela berriz itzuliko, ez kristoren momentua izan zelako», esan du, «ia denak bizi gara iraganari lotuta, iraganarekiko preso».

Ez da isilik gelditzekoa Ianire Aranzabe eta bizkor hitz egiten du, gainera. «Motxila bat daukagu denok. Ez dakit motxila hori utzi behar ote dugun edo motxila hori kudeatzen jakin behar dugun. Nire ustez, disko hau da zauri batzuen itxiera eta etapa baten bukaera. Horrek ez du esan nahi etapa edo zauri horiek ahantzi nahi ditudanik, baizik eta ikasi behar dudala horrekin bizitzen, ahaztu gabe baina aurrera begira».

“Denbora” kantuaz gain, sortu ditu “Esan ezin”, “Ezberdin”, “Bidegurutzea”, “Berriz zu”, “Altzagarate” eta “Inork entzuten ez gaituenean”. Berak idatzi ditu letrak eta horrek ere harritu du, ez baitzuen uste bere hitzek kantu baterako ematen zutenik. Gehiago zentratzen zen melodian.

Bere letretan hitz egiten du bakardadeaz; «nor bere haitzulo bihurtzen denean», dio kantuetako batean; baita maitasunaz ere, baina ez maitasun erromantikoaz, eta elkar entzuteaz. «Denok merezi dugu maitatuak izatea, baina bereziki ongi maitatuak izatea. Zeinen berezia den bazter batean geratzen diren horiek ongi maitatzea».

Crowdfunding kanpaian bati esker atera du diskoa aurrera, Bandcamp webgunean eskuratu daitekeena, eta horrek ere eman dio konfiantza altzagaratetarrari. «Uste baino azkarrago lortu genuen dirua eta sentitu dut familia txiki bat sortu dela; sostengu emozional bat izan da. Jendeak diskoa atera aurretik babesa ematea sekulakoa da».

“Aireratzen” diskoa bandarekin grabatu badu ere, uda honetako kontzertuak akustikoan egingo ditu, eta dagoeneko baditu hiruzpalau data agendan. Bandarekin, irailetik aurrera emango ditu kontzertuak.