NAIZ

370 pertsona migratzaile salbatu ditu Ocean Viking-ek Libia aurrean, erreskate zail batean

SOS Mediterranée Gobernuz Kanpoko Erakundeak kudeatzen duen Ocean Viking itsasontziak 369 pertsona migratzaile salbatu ditu Libiako kostaldean egindako operazio konplexu batean. Bost ordu baino gehiago iraun dituen erreskate honen ondotik, jada 572 lagun ditu ontzian.

Ocean Viking ontzian 572 lagun daude orain, azken erreskatearen ondotik. (SOS MEDITERRANÉE)
Ocean Viking ontzian 572 lagun daude orain, azken erreskatearen ondotik. (SOS MEDITERRANÉE)

Migrazio bidean dauden 369 pertsona erreskatatu ditu SOS Mediterranée GKEaren Ocean Viking itsasontziak, sare sozialetan jakinarazi duenez. Kontatu dutenez, lagun horiek egurrezko ontzi handi batean zihoazen eta hondoratzeko arriskuan egon dira salbatze operazioak iraun dituen bost ordu baino gehiagotan. Nabarmendu dutenez, Libiako kostaldearen aurrean egindako erreskatea hagitz zaila izan da. Baina ongi atera da eta dagoeneko 572 pertsona daude Ocean Viking-en.

Geo Barents, Italiak geldiarazia

Mediterraneoaren erdialdean erreskate lanetan ari diren ontzi bakarretakoa da Ocean Viking. Normalean inguru honetan Gobernuz Kanpoko Erakunde ugari aritzen dira pertsonak salbatzeko lanean, tartean Aita Mari euskal ontzia. Larunbatean, Italiako agintariek Geo Barents Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) itsasontzia gelditu zuten, antza denez gabezia batzuk zituelako. Lehenago ere blokeatu izan ditu Gobernu italiarrak GKE-en hainbat erreskate ontzi.

Bitartean, ordea, Mediterraneoa bizitzak irentsi eta irentsi ari da. Migrazioetarako Nazioarteko Antolakundearen (OIM) arabera, 866 migratzaile eta errefuxiatuk galdu dute bizia jada aurten eta horietatik gehienak (721 gutxienez) Mediterraneo erdialdean hil dira.