Eibar eta Sanse lanean hasi dira

Gorri-urdinek proba medikoak pasako dituzte gaur eta bihar artean. Xabi Alonsoren taldea, berriz, Zubietako soropilean egon da astelehen honetan. Amorebietak ostegunean ekingo dio aurredenboraldiari.

Eibarko jokalariek aurredenboraldi-hasierako proba medikoak egin dituzte. Irudian, Exposito, Olabe eta Bigas berriketan. (SD Eibar)
Eibarko jokalariek aurredenboraldi-hasierako proba medikoak egin dituzte. Irudian, Exposito, Olabe eta Bigas berriketan. (SD Eibar)

Oporrak amaitu dira Eibar eta Sanserentzat. Bigarren mailan arituko den hirugarren taldea, Amorebieta, ostegunean hasiko da lanean baina gipuzkoarrek gaur ekin diote denboraldi aurreari. 

Eibarko futbolariak «kontsultan» hasi dute eguna, uda hasierako ohizko proba medikoak egin baitituzte. Biharko plan bera dute eta etzi Atxabalpen bilduko dira Gaizka Garitano eta bere jokalariak berdegunean lan egiten hasteko.

23 futbolari izango ditu entrenatzaile armaginak uda hasiera honetan, hauetako 15 besterik ez badira ere lehen taldekoak. Eta, seguruenik, denak ez dira egongo udako merkatua ixten denean. Lana dute, beraz, oraindik agintari eibartarrek proiektu berria eraikitzeko.

Udako lanari dagokionez, hiru zatitan banatuko du Eibarrek. Uztailaren 25erarte Atxabalpen izango du kanpamentu nagusia, ondoren astebeteko egonaldia egingo du Kossenen azken urteotan bezela eta abuztuan Atxabalpera itzuliko da. Momentuz zazpi lagunarteko antolatu programatu ditu: Calahorra, SD Logroñés, Sanse, Greuther Furth alemaniarra, Amorebieta eta Reala izango ditu aurkari. Gutxienez zortzigarren bat jokatuko du Kossenen baina oraindik aurkaria zehaztear dago.

Irrifarreak eta aurpegi berriak Zubietan

Sanseri dagokionez, sei dira momentuz programatu dituen lagunartekoak. Uztailaren 13an Tarbesen jokatuko du lehena Toulousen kontra eta, hortik aurrera, Osasuna B, Eibar, Sporting, Burgos eta Mirandés izango ditu aurrez aurre.

Udako lehen urratsa Zubietan eman dute astelehen honetan zuri-urdinek; z6 zelaian, hain zuzen ere. Irrifarreak izan dira nagusi, 60 urte pasa baitira bigarren taldea Zilarrezko Mailan azkenengo aldiz egon zenetik. Baita, aurpegi berriak ere. Xabi Alonsorekin lan egingo duen talde teknikoan –Mikel Alonso laguntzailea edo Roberto Vazquez atezainen entrenatzaile berria– eta baita taldean bertan ere: Peter Pokornyk bere taldekide berriekin egin du lan lehen aldiz eta bertan egon dira ere lehen taldetik itzulitako Roberto Lopez eta Luca Sangalli edo azken denboraldia utzita jokatu zuten Andoni Zubiaurre eta Nais Djouahre ere.

Jokin Aperribayk, Roberto Olabek eta Erik Bretosek Sanse lagundu nahi izan dute lehen egun hauetan eta, Zubietara gerturatzeaz gain, presidenteak jokalari eta teknikoekin hitz egin du soropilean.