Bilboko konpartsek Irria kulturaldia antolatu dute abuztuaren 26tik 29ra

Konpartsen egitaraua elkar-zaintzaren filosofian oinarrituko da eta bizitza, kultura, kirola eta idantitate kolektiboa izango dituzte erdigunean. Ekintzak goiz eta arratsaldez izango dira eta aforoak LABIren erabakien araberakoak.

Bilboko Irria Kulturaldiaren aurkezpena Arriaga aurrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko Irria Kulturaldiaren aurkezpena Arriaga aurrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko Konpartsek abuztuaren 26tik 29ra bitartean hiriburu bizkaitarreko kaleak beteko dituen Irria kulturaldi herrikoia aurkeztu dute. Asteburu kultural honen bidez, konpartsek Bilbori eta bilbotarrei irribarrea itzularaztea nahi dute. Aurkezpenean argi utzi nahi izan dute Irria kulturaldi bat dela. Ez direla ‘jaiak’ ezta ‘ez jaiak’ inondik inora ere.

«Jardunaldien helburua Bilbori irria berreskuratzen laguntzea da, covid-19aren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean», azaldu du konpartsen bozeramaileetako bat den Arkaitz Peñak.

Ekitaldien egitaraua datozen asteotan argitaratuko duten arren, Bilboko konpartsen bozeramailea den Nerea Matutek aurreratu du kultur eredu «parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunaren» arabera egin daitekeela erakutsiko dutela.

Konpartsek baieztatu dute urtarrilaz geroztik udalarekin elkarlanean dihardutela eta bi astetan behin batzartzen direla.

Kutsatze berrien arriskuari dagokionez, Peñak gogora ekarri du azken hilabeteetan Bilbon hainbat ekitaldi kultural egin direla ez dela inoiz ezer gertatu, ezta Irrian gertatuko ere. Izan ere, zikloa heltzen denean, momentu horretan LABIk indarrean dituen osasun neurriak «zorrotz» beteko dituztela jakinarazi du Peñak.

Badaezpada, daten sinbolismoagatik jai giroa sustatzea ekiditeko, jardunaldi guztiak goiz edo arratsaldez izango dira eta eserita ikusi beharko dira. Hortaz gain, ekitaldiak espazio irekietan antolatuko dira eta distantziak uneoro mantenduko dituzte.

Konpartsakide eguna

Kulturaldia iritsi bitartean, uztailaren 17an Konpartsakide Eguna ospatuko dute Bilboko Areatzan. Konpartsakide egun hau, «Bilboko Irriaren aurretiko topagunea eta beroketa-saioa» izango dela adierazi du Peñak. Eguneko ekitaldi naguisa, goizeko 12.30etan hasiko den kalejira herrikoia izango da.