NAIZ

Anna Junyent, Eibarren entrenatzaile berria

Entrenatzaile kataluniarra Badalonako Seagull taldean aritu da azken bi urteetan eta denboraldi baterako kontratua sinatu du talde armaginarekin.

Anna Junyent. (@SDEibar)
Anna Junyent. (@SDEibar)

Anna Junyent izango da Eibarreko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea datorren denboraldian. Talde armaginak ezagutarazi berri duenez, prestatzaile kataluniarrak denboraldi baterako kontratua sinatu du.

Anna Junyent Bartzelonako jokalaria izan zen 1994tik 2003ra. Aurretik, lau urte jokatu zituen Sabadell futbol taldean. Azken bi urteetan Reto Iberdrola Ligan jokatzen duen CE Seagull taldeko entrenatzailea izan da.

Horrez gain, Sacramenton eta Bartzelonaren kirol-hirian lan egin du, entrenatzaile taldeak eta entrenamendu saioak zuzentzen. Aldi berean aurretik Estatu Batuetan entrenatzen aritu zen hiru urtetan, ligako kategoria gorenean, United Futbol Academy-an. Gainera, Katalunian emakumezko zein gizonezko harrobiko hainbat talde ere zuzendu ditu.

Anna Junyent kataluniarrak Iker Dorronsorok denboraldi amaieran utzitako lekua beteko du Eibarren. Talde armagina Lehen Mailara igo eta mantentzea lortu ostean, entrenatzaile gipuzkoarrak eta bere lan taldeak ez du Eibarren jarraituko.

Beste alde batetik, Eibarrek atzo jakinarazi zuen Esti Aizpurua jokalariak futbola utziko duela. 32 urterekin agur esan dio futbolari. Azken bi denboraldietan jokatu du Eibarrene ta aurretik zazpi urtez aritu zen Realean eta beste bi Oiartzunen. Eibarretik «erakutsitako dedikazioa eta profesionaltasuna» eskertu diote.