Jean Castex frantziar lehen ministroa Euskal Herrian izan da txertaketaren aldeko kanpaina egiteko. Lapurdin izan da eta hainbat euskal hautetsirekin eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayrekin solasteko parada izan du. Hautetsiek, horrela, murgiltze ereduari buruz hitz egiteko aukera baliatu dute, izan ere, Castex bere hezkuntza aholkulariarekin etorri da, Benoît Delaunai Toulouseko Akademiako errektore ohiarekin, hain zuzen ere.
‘Mediabask’ agerkariak jaso duenez, Frederique Espagnac, Max Brisson, Florence Lasserre eta Denise Saint-Pee parlamentari eta senatariek eta Jean-Rene Etchegarayk murgiltze ereduaren orain arteko lorpenei eusteko beharra helarazi diote, bai Baionara bai Angelura egin dituen bisitetan.
Datorren ikasturtean Ipar Euskal Herriko lau eskola publiko eta pribatutan murgiltze eredua ezarri nahi dute baina Kontseilu Konstituzionalak eredua antikonstituzionala zela esan eta gero, ez dute baimenik jaso. Horri konponbidea bilatu eta murgiltze ereduak legearen bermea izan dezala nahi dute hautetsiek, eta uste dute Castexek ulertu dituela beren eskakizunak, Etchegarayk azaldu duenez, eta ahalik eta azkarren erantzun bate emateko konpromisoa hartu du.
Oro har, frantziar gobernuburuak murgiltze eredua «ziurtatzeko borondatea» erakutsi du, betiere Kontseilu Konstituzionalaren erabakia errespetatuta eta dagoena auzitan jarri gabe», Brisson senatariak esan duenez.
Murgiltze eredua ezarri nahi duten eskolei dagokienez, Castexek esan du eskolara sartzea aurreikusita zegoen bezala egingo dela
LaRem alderdiko bi parlamentarik hizkuntza gutxituen murgiltze ereduari buruz landu duten txostena heldu den asteazkenean, uztailaren 21ean, entregatu behar dute.