Amorrua bideratzen ikasi izan balu bezala, Unai Lasok kantxatik kanpo jasotako kolpe bakoitzari kantxan erantzuten asmatu duela dirudi eta Mastersetik kanpora geratu ostean, txapelketa honetako lehen ezusteko handia eman du, Xabi Tolosa txukun batek ondo lagunduta. Egia da Jose Javier Zabaleta ez dela aritu azkenaldian ohituta gintuen mailan, baina horren erruaren parte handi bat urdinek izan dute, Bizkarretakoak, urrunetik sartuz eta erritmoa sartuz, ez diolako eroso jokatzen utzi eta atzelari gipuzkoarrak ere, ondo eusteaz gain, ondo bilatu dio eta ezkerra, pilota paretara baztertuz.
Partida oso gorabeheratsua izan da eta gazteak hasi dira aurretik. Ohikoa izaten da Zabaletari partidan sartzea zerbait kostatzea eta gaur ere hala izan da eta erantzun gabeko bi sake eta Laso ausart batek egindako tantoei esker, urdinak 1-4 aurreratu dira. Bizkarretakoak argi zeukan aukerak izateko jokoan sartu beharra zuela, Zabaletari ezin ziola eroso jokatzen eta horretan saiatu da, zorte desberdinarekin.
Xabi Tolosak ere ez zuen partidarik errazena bere titular gisako debuterako, baina oso txukun aritu da, tarteka sufrituz, baina gehienean ondo eutsiz. Hasierako orekaren ostean, partidaren kontrola bikote nafarraren eskuetara pasa da eta honek areagotu egin du Lasoren arriskuak hartu beharra eta normala denez, hutsak ere nahi baino gehiago biltzen hasi da aurrelari gaztea, nahiz eta jokoa nahastu beharra derrigorrezkoa zuen eta horretan asko asmatu.
Hala, aparteko ezer askorik egin gabe, 6-0eko partzial batekin (13-7), lehen abantaila garrantzitsua hartu dute Olaizolak eta Zabaletak. Baina urdinak ez zeuden amore emateko prest eta Zabaletaren huts pare batean abiadura hartu eta markagailuan berriz ere hamalauna berdindu dute Lasok jotako sotamano latz bati esker.
Ez dira hor geratu eta partidaren bigarren zatian aurkariak baino gehiago izan dira. Aimar Olaizolak huts bakarra egin du, baina Goizuetarrak gaur egun aldeak markatuko dizkion atzelari baten beharra dauka erasoan eraginkor izateko eta gaur ez du hori topatu partidan sartzerik lortu ez duen Zabaletarengan.
Gauzak horrela, partidaren aginte makila Unai Lasok hartu du eta partida bere aldera eraman du, bide batez, bera Mastersetik at utzi izanaren erabakiaren zentzugabekeria are ageriagoan utziz.
Berako jaialdia bertan behera
Azken egunetan Bortzirietan izandako kutsatze datuak ikusita, Aspek datorren iganderako Beran iragarrita zuen jaialdia bertan behera uztea erabaki du. Eibarko enpresak penaz hartu du erabakia baina une zail hauetan erantzukizunez jokatzea tokatzen dela iritzita, jaialdia, partida berdinekin Laudion jokatuko da.
FITXA TEKNIKOA:
Olaizola II-Zabaleta: 19
Laso-Tolosa: 22
Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 3-4, 3-5, 6-5, 6-7, 13-7, 13-11, 14-11, 14-15, 17-15, 17-16, 18-16, 18-21, 19-21, 19-22. Sakeak: 3 Olaizola II.ak eta 4 Lasok. Tantoak: 4 Olaizola II.ak, 2 Zabaletak, 10 Lasok eta 2 Tolosak. Hutsak: 1 Olaizola II.ak, 5 Zabaletak, 6 Lasok eta 3 Tolosak. Gorabeherak: Mastersaren lehen jardunaldia Mallabiko Olazar pilotalekuan jokatu da.