Baldintzak onenak ez badira ere, abian jartzea nahi eta uste baino gehiago ari zaio kostatzen enpresek udara gehiena betetzeko prestatu duten Mastersari, bai bederen pilotalekura gerturatzen ari den zale kopuruari dagokionean. Gaur bertan, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, jar daitezkeen bi aurrelaririk onentsuenak izan dira Irungo Uranzun eta 130 ikusle baino ez dira pilotalekura hurbildu, zerbait huts egiten ari denaren seinale.
Bi aurrelariak ziren jaialdiko erakargarririk handienak eta lehiaren nondik norakoak ere bi izarren baitakoak izan dira. Bata bestea hausteko gaitasunik erakutsi ez duten bi atzelarirekin, garaipena bi aurrelarien inspirazioaren baitan egon da eta hor Jokin Altunarena arbizuarrarenaren oso gainetik egon da. Eta alde hori bereziki bakoitzaren ezkerrean nabaritu da gehien, amaitzerakoan askoz eraginkorragoa izateaz gain amezketarrari bizi irten dio pilotak eskutik, zuloak irekitzeko gai izan da eta bitartean Ezkurdia gozakaitz aritu da, erasora joaterakoan ere normalean baino zalantza gehiago erakutsi ditu eta, ale ederrak utzi baditu ere, bere ohiko mailaz azpitik aritu da eta hori bekatu larriegia da sasoian den txapeldunaren aurka.
Lehia gorabeheratsua
Lehia gorabeheratsua izan da hasieratik. Presa balu bezala, partida ahalik eta azkarren amaitzeko asmoarekin irten da kantxara Jokin Altuna eta oso pilotakada gutxitan alde nabarmena hartu dute gorriek 6-2 eta 9-3.
Saiatu diren arren, urdinei behar baino gehiago kosta zaie tantoak batzea eta aldea ondo kudeatu dute gipuzkoarrek, 21-12koarekin partida erabat kontrolpean izateraino. Sake errematean partida amaitzeko aukera ere izan du amezketarrak, baina gehitxo arriskatu du marraren bila eta kanpora joan zaio errematea. Eta orduantxe heldu da Ezkurdia-Imazen tanto boladarik handiena, 0-6ko partzial batekin hiru tantora, 21-18 gerturatzeraino. Altunak, ordea, ez du gehiago sufritu nahi izan eta gantxo bikain batekin lortu du partida amaitu eta lehen puntua ekuratzea.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna III.a-Aranguren: 22
Ezkurdia-Imaz: 18
Pilotakadak: 603. Iraupena: 65,39 minutu. Markagailua: 0-1, 5-1, 5-2, 6-2, 10-6, 10-7, 12-7, 12-8, 16-8, 16-12, 21-12, 21-18, 22-18. Sakeak: 2 Altuna III.ak eta 2 Ezkurdiak. Tantoak: 13 Altuna III.ak, 0 Arangurenek, 6 Ezkurdiak eta 1 Imazek. Hutsak: 5 Altuna III.ak, 4 Arangurenek, 5 Ezkurdiak eta 2 Imazek. Gorabeherak: Mastersaren lehen jardunaldia Irungo Uranzu pilotalekuan amaitu da, oso jende gutxi harmailetan.