NAIZ

Ordezkari publikoen bisita jaso dute EuskarAbenturako gazteek Bidania-Goiatzen

EuskarAbentura espedizioaren bigarren txanda joan zen ostiralean hasi zuten 60 gaztek Bidania-Goiatzen. Igande honetan laguntzaile diren erakunde publikoetako hainbat ordezkariren bisita jaso dute.

EuskarAbenturako parte-hartzaileak eta erakundeetako ordezkariek familia argazkia atera dute Bidania-Goiatzen.
EuskarAbenturako parte-hartzaileak eta erakundeetako ordezkariek familia argazkia atera dute Bidania-Goiatzen.

Uztailaren 16az geroztik EuskarAbenturaren bigarren txandan parte hartzen ari diren 60 gazteak Bidania-Goiatzen daude. Gaur espedizioaren laguntzaile diren hainbat erakundetako ordezkarien bisita jaso dute: Estibalitz Alkorta Lakuako Gobernuko Euskara Sustapen zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia eta Agurtzane Zelaia Bidania-Goiatzeko alkatearena, hain zuzen ere. Beñat Garaio elkartekideak dinamizatu du solasaldia eta tarteka erakunde bakoitzak nola laguntzen duen azaldu die espediziokideei.

«Esperientzia hau gogoratuko duzue, eta garrantzitsuena izango da oroitzapen horiek euskaraz izango dituzuela», esan die Estibalitz Alkortak. Eskerrak eman dizkie EuskarAbenturak pandemiak sortu duen egoerari aurre egiten eta moldatzen jakin duelako, eta zoriondu egin ditu posible egiteagatik.

Garbiñe Mendizabalek 2018an EuskarAbentura nola ezagutu zuen kontatu die eta gazteekin aurrera eramateko «proiektu bikaina harrigarria» iruditu zitzaiola nabarmendu du.

Agurtzane Zelaia alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie Bidania-Goiatzen geratzeagatik. «Arnas-gune bezala katalogatuta gaude baina, babes-gune izateko lan egiten dugu», adierazi du.

EuskarAbenturakideak hilaren 20ra arte egongo dira Bidania-Goiatzen, eta ondoren Aulestira joango dira.