NAIZ

Ben & Jerry's izozkiak ekoizten dituen enpresak ez du salduko Palestinako lurralde okupatuetan

Ben & Jerry's izozkiak ekoizten dituen Unilever enpresa estatubatuarraren jabeek esan dute ez dituela bere produktuak Palestinako lurralde okupatuetan salduko, argudiatuz ez dela bateragarria haien «balioekin». Israelek mehatxu egin du, erabaki horrek «ondorio larriak» izango dituela esanez.

Ben & Jerry's izozkiak Jerusalemen salgai. (Ahmad GHARABLI/AFP)
Ben & Jerry's izozkiak Jerusalemen salgai. (Ahmad GHARABLI/AFP)

Ben & Jerry's izozkiak ekoizten dituen Unilever enpresa estatubatuarraren jabeek esan dute ez dituela salduko bere produktuak Palestinako lurralde okupatuetan eta Israelgo lehen ministroak ohartarazi dio erabaki horrek «ondorio larriak» izango dituela.

«Ekintza horrek ondorio larriak izango ditu, batez ere arlo juridikoan», esan du Naftali Bennett Israelgo lehen ministroak, Alan Jope Unileverreko zuzendariarekin hitz egin ostean. Lehen ministroak iritzi du enpresa estatubatuarraren erabakia «Israel boikoteatzeko ekintza argia» dela,

Astelehenean argitaratutako jakinarazpen batean, Unileverrek hala esan zuen: «Uste dugu ez dela bateragarria gure balioekin Ben & Jerry's izozkiak Palestinako lurralde okupatuetan saltzea».

Ben & Jerry's-ek gaineratu zuen Israelen haien izozkiak egiten dituzten eta bertan banatzen dituzten lizentzien titularrekin ibilbide luzea duela, baina, hala ere, erabaki du hurrengo urtearen amaieran amaituko den lizentzia-hitzarmena ez berritzea.

«Ben & Jerry's-en erabakia antisemita da, BDS mugimenduarekin bat datorrena eta israeldarren aurkakoa», esan du Yaïr Lapid diplomazia israeldarreko buruak bideo batean.

 Baina konpainiak azpimarratu du ez duela Israel bere osotasunean boikoteatuko –«Israelen geratuko gara», dio–, soilik Zisjordaniako merkatutik erretiratuko ditu produktuak.