NAIZ

Joanes Lopez Zeraingoaren bizitza ikertu du Patri Urkizuk ‘Suaren froga’ nobelan

Patri Urkizu idazleak ‘Suaren froga’ eleberria eman du argitara. Lan honek 1530 Inkisizioak erre zuen Joanes Lopez Zeraingoaren bizitza ikertzen du, eta bere bizitzako hutsuneak betetzeko garaikide batzuekin enkontruak koherentziaz asmatzen ditu.

Patri Urkizu 'Suaren Froga' liburuaren eurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Patri Urkizu 'Suaren Froga' liburuaren eurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Patri Urkizuk ‘Suaren froga’ (Erein, 2021) liburua aurkeztu du asteazken honetan Donostian, irakurlea bidaiatzera gonbidatzen duen nobela historikoa. «Historia tragiko» hau Zerainen hasten da, bertan jaio baitzen protagonista, Joanes Lopez Zeraingoa, zehazki 1488an, eta Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren suan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik.

«Parisen nengoelarik liburu denda batean duela urte batzuek, La Procure zela uste dut, begi aurrean topatu nuen hainbestetan entzundako eta aipatutako Marcel Bataillon-en Erasme et l'Espagne. Recherche sur la vie spirituelle du XVI siècle, tesia 1937an argitaratua eta Droz argitaletxeak Ginebran 1998an berrargitaratua. Liburu benetan funtsezkoa ezagutzeko XVI. mendeko izpirituaren bizitza eta erasmismoaren eragina Espainian. Eta honen irakurketan murgildurik nengoela begiak hautatu zidan nire nobelaren sujeta, zuberotarrek dioten bezala, ezezaguna nuen Joan Lopez de Zerain. Honen bizitzaren eta obraren albiste gehiago jakitea interesgarri iruditu zitzaidan. Banuen gaia», azaldu du Urkizuk, nobelaren gaiari dagokionez.

Bataillon-en obran irakurri zuen zeraindarra Granadako Inkisizioak erre zuela 1530ean dotrina berriaren heresiak kutsatutako hiru liburuxka idazteagatik. Momentu honetan «kuriositateak» bultzatu zuen, bada, garaian sakontzera, Joanes Lopez Zeraingoari buruzko albiste eta zehaztasun gehiago bilatzera. Haien artean, Julen Kalzadak apaiz busturiarrak Klasikoen sailean plazaratu zuen Eromenaren laudorioa (EHU, 1994) eta Patxi Ezkiaga poeta eta nobelagileak argitaratu Otorduak (EHU, 2006) euskarazko itzulpenak.

Ildo horren jarraituz, autoreak, Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzaren gorabeherak ikertu ondoren, beste pasarte batzuk asmatzen ditu koerentziaz eta garai hartan txertatuak. Adibidez, enkontruak eta solasaldiak asmatzen ditu pertsonaiaren garaikide batzuekin, Inazio Loiolakoa, parte hartu zuena Nafarroako konkista deituan, Juan Sebastian Elkano getariarra munduari bira eman zion lehena, Miguel de Eguia aipatu lizarratarra, zeinak Arnao Guillen de Brocarren alaba Mariarekin ezkondu eta inprimategi munduan sartuta lortu zituen saltzeko monopolioak, nola Gurutzadako Bula, Nebrijaren Gramática, eta beste, Erasmoren zabaltzaile handiena izan zelarik, eta ondorioz kartzela ere pairatu behar izan zuelarik.

Ereinekin hirugarren lana

‘Suaren froga’ Erein argitaletxeak plazaratzen duen Patri Urkizuren hirugarren lana da. Idazleak gogoratu duenez, lehena ‘Joan Perez de Lazarraga, Dianea & Koplak’ (2004) edizioaren prestaketa izan zen eskuzkribuaren faksimilea eta guzti eta bigarrena ‘Balada zaharrez’ (2005) entseiua.

Patri Urkizu Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean 1970ean, non, besteak beste, Fernando Lazaro Carreter eta Koldo Mitxelena izan zituen irakasle. Azken honek zuzenduta, Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen Pierre d’Urteren hiztegia. Londres 1715 tesiarekin (1986). Euskara eta euskal literaturaren irakasle izan da Errenteriako eta Donostiako Institutuetan lehenik, EUTGn, Bordeaux III Michel de Montaignen gero, eta Madrileko UNEDen. Euskal teatroaz eta bertsogintzaz saiakera ugari idatzi ditu.