Caixabank Mastersaren bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta jardunaldi hori osatzen duten lau partiden artean bada bat ikuskin berezia sortuko duena. Hain zuzen ere, igandean Gatikan jokatuko denaz ari gara, bertan Erik Jaka berragertuko baita bi hilabete eta erdi baino gehiago zuriz jantzi gabe eman ostean.
Aurrelari lizartzarrak maiatzaren 9an egin zuen debuta Baiko bere enpresa berriarekin eta aurreneko partida hura ezin izan zuen amaitu. Jokatzen ari zela ondoezik sentitu eta ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. Ondoren jakin zen perikarditis bat zuela eta osatze prozesuan buru-belarri sartuta ibili da geroztik.
Baikok asteazkenean jakitera eman zuenez, azken entrenamenduetan sentsazio onak izan ditu gipuzkoarrak eta jada goi mailan lehiatzeko prest ikusten du bere burua. Lehen partida igandean jokatuko du Gatikan, Tolosarekin bikote osatuz Urrutikoetxea eta Martijaren aurka.
Gogoratu behar da Jaka-Tolosa bikoteak jada baduela garaipen bat bere zakuan, aurreko asteburuan Unai Lasok maila bikainean ordezkatu zuelako Erik Jaka Olaizola-Zabaleta bikote indartsua mendean hartzeko.
Zabaleta, eskuko minez
Jardunaldia ostiral gauean hasiko da Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan (23.00, ETB1). Bertan, Ezkurdia-Imaz bikoteak Peio Etxeberria eta Albisuren kontra neurtuko ditu indarrak.
Mastersak jarraipena Gasteizen izango du larunbatean, Altuna-Aranguren eta Elezkano-Mariezkurrena bikoteek aspaldiko partez zirkuitura itzultzen den Ogetan jokatuko duten demarekin.
Eta igandean, Gatikakoaz aparte, beste neurketa bat ere jokatuko da Laudion: Aimar Olaizola eta Bikuña Peña-Rezustaren kontra. Jose Javier Zabaleta da Aimarren atzelaria, baina Etxarrengoa eskuko minez dabil eta bere lekua Bikuñak hartuko du asteburu honetan.
Altuna eta Laso, buruz buru kantxa osoan
Azkenik, Aspek gaur jakinarazi duenez, Jokin Altunak eta Unai Lasok elkarren aurka jokatuko dute kantxa osoan abuztuaren 19an Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Bi aurrelariek San Fermin egunean jokatu zuten Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren final bikaina ez dute ahaztu enpresariek eta Donostian neurketa hori kantxa osoan errepikatu nahi dute, udan antolatu ohi diren partida berezi modura.