Asier Aiestaran

Peio Etxeberriak eta Albisuk bigarren garaipena lortu dute Idiazabalen (15-22)

Lehen jardunaldian erakutsitako bidetik, atzelari ataundarrak bikain agindu du atzean eta aurrelari nafarrak erraz amaitu ditu tantoak. Markagailuan 1-6 eta 3-11 aurreratu dira eta bigarren erdian Ezkurdiak eta Imazek hobera egin duten arren, ez da nahikoa izan emaitza iraultzeko.

Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du Idiazabalen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du Idiazabalen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Peio Etxeberriak eta Albisuk Caixabank Masterseko bigarren garaipena eskuratu dute Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan Ezkurdia eta Ander Imazi 15-22 nagusitu ostean. Urdinek abantaila handiak lortu dituzte lehen zatian, eta bigarren erdian gorriak nabarmen hobera egin duten arren, ez da nahikoa izan emaitza iraultzeko.

Etxeberriak eta Albisuk oso indartsu ekin diote demari. Lehen jardunaldian erakutsitako bidetik, atzelari ataundarrak bikain agindu du atzean eta aurrelari nafarrak erraz amaitu ditu tantoak. Markagailuan 1-6 eta 3-11 aurreratu dira instant batean.

Ezkurdia eta Imaz, aldiz, oso deseroso ikusi ditugu kantxan. Aurrelari arbizuarra, atzean zegoen aldearen jakitun, presaka aritu da, lagundu nahi horretan pilota asko galduz. Eta atzelari oiartzuarra ere ohikoa duen sendotasunetik oso urrun aritu da lehen zati horretan.

Bikote moduan ere ez dute elkar ongi ulertu hainbat tantotan. 3-8koan edota 10-18koan, adibidez, elkarri begira geratu dira pilota eraman ezinik, eta antzeko jokaldi gehiago ere izan dira.

Apurka-apurka, eta materialaren eraginez ere bai ziur asko, Albisuren nagusitasuna apaltzen joan da, eta gorrien jokoa bere onera itzuli da. Ezkurdiak amaieran tanto on batzuk sinatu ditu eta azken emaitza ez da horren deigarria izan.

Hori bai, bitik bi galdu dituzte eta datorren asteko neurketa, Elezkano-Mariezkurrenaren aurka, kasik ezinbestean irabazi beharra daukate lehiaketan aukerekin jarraitzeko.

Albisu pozik zen neurketa amaieran: «Ongi nabil, gustora entrenatzen eta fisikoki ere ongi. Ikusten da Peiok ere baduela lekua goian jokatzeko, nahiz eta Aspen konpetentzia handia daukan», adierazi du.

Ezkurdia, aldiz, kezkatuta azaldu da: «Oso deseroso sentitu naiz, batez ere lehen zatian. Konfiantzarik gabe, nire jokoa egin ezinik. Bigarren erdian hobeto jokatu dut eta horretan jarraitu beharra dago. Lan egin, ongi entrenatu eta ea azkar berreskuratzen dudan falta zaidan puntu hori».

Fitxa

Pilotakadak: 546. Partidaren iraupena: 58 minutu eta 32 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-6, 3-6, 3-11, 5-11, 5-13, 6-13, 6-14, 7-14, 7-17, 10-17, 10-18, 12-18, 12-19, 14-19, 14-21, 15-21 eta 15-22. Sakez: 1 Peio Etxeberriak (eta falta bat). Jokoan eginak: 8 Ezkurdiak, 1 Imazek, 8 Etxeberriak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 7 Ezkurdiak, 2 Imazek, 3 Etxeberriak eta 2 Albisuk. Gertaerak: Idiazabalgo Igarondo pilotalekua, ehun bat ikusle harmailetan. Lehen sakea, gorri.