Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Adur Amatriain zarauztarra gailendu dira Galizian egin berri den Europako Junior Itzuliko bigarren txapelketan. Lortutako garaipenei esker, gainera, 18 urtetik beherako Europako junior rankingeko buru jarri dira bi surflariak.
Itsasoko baldintzek okerrera egin zezaketelakoan lau lehiakidez osatutako txandak egin zituzten Galiziako Doñinos hondartzan eta aurreztutako denborari esker uztailaren 24an amaitu ahal izan zuten GADIS Junior Pro Ferrol txapelketa. Metro erdiko olatu txikiak izan ziren, baina lehiakide gazteek itzelezko maila dutela erakutsi zuten.
Guztira lau txapelketak osatzen dute aurtengo Europako Junior Itzulia eta jada bi lehiaketa egin direnez, soilik irailean eta urrian Portugalen eta Frantzian egingo diren lehiaketak falta dira 2021eko itzulia osatzeko.
Lidergoa rankingean
Alde handiz irabazi zuen Janire Gonzalez Etxabarrik Galizian; izan ere, bere bi olatu hoberenekin 12’06 puntu batu zituen 16 urteko zumaiarrak. Bigarren postua, 9’87 punturekin, Francisca Veselco portugaldarrarentzat izan zen. Hirugarren postuan, Lucia Machado kanariarra geratu zen, 9’20 punturekin, eta laugarren postua, 9’13 punturekin, Hina-Maria Conradi frantsesarentzat izan zen.
Janire gogor lehiatu behar izan zen finalera iristeko eta bidean, besteen artean, Annette, 14 urte dituen bere ahizpa txikia, kaleratu behar izan zuen. Edonola ere, bi ahizpek postu esanguratsuak lortu dituzte 18 urtez azpiko Europako junior rankingean; izan ere, Janire lehen postuan aurkitzen da, Lucia Machado kanariarrarekin berdinduta eta Annette 11. postuan da.
Mutilen kategorian, Adur Amatriain nagusitu zen Doñinoseko hondartzan eta horrela, Europako Junior Itzuliko bigarren txapela ere berak irabazi zuen. Ondorioz, Europako junior rankingeko buru izaten jarraitzen du zarauztarrak.
Guztira 15’17 puntu eskuratu zituen Amatriainek bere bi olatu hoberenekin. Bigarren postuan geratu zen Joaquim Chavez portugaldarrak, ostera, 13’07 puntu bildu zituen. Eta hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren Sam Piter eta Kyttan Foret frantsesek 8’26 eta 6’50 puntu lortu zituzten euren bi olatu hoberenekin.
Zalantzarik gabe, une honetan gaztetxoen artean indartsuen ari den surflaria Adur Amatriain da; izan ere, junior kategoriaz harago, QS mailan ere garaipen garrantzitsu bat lortu zuen hil honen hasieran Pantin Classic lehiaketa ospetsua irabazi zuenean. Lehiaketa hartan, gainera, Joan Duru surflari ospetsua garaitu zuen.
Europako Junior Zirkuitua Frantzian hasi zen pasa den ekainean, Bretainiako La Torche hondartzan. Amatriain izan zen mutilen kategorian garaile eta Kai Odriozola donostiarra bigarren geratu zen. Neskenean, ostera, Lucia Machado izan zen garailea, eta Janire Gonzalez Etxabarri 3. postuan geratu zen. Galizian egin duten txapelketan, berriz, Machado 3. postuan geratu da eta Gonzalez Etxabarri lehen postuan geratu da; horregatik daude bi surflariak lehen postuan berdinduta ranking orokorrean.
Nesken Europako junior rankingeko hirugarren postuan (bigarrena ez da kontatzen, zeren lehen biak berdinduta daude) Francisca Veselco portugaldarra dago, eta haren atzetik Gabriela Dinis aurkitzen da, portugaldarra hau ere. Jarraian, 5. eta 8. postuen artean dauden lehiakide guztiak frantsesak dira, eta 9. eta 13. postuen bitartean bost euskal lehiakide daude: Lilou Rumiel eta Juliette Lacome lapurtarrak, eta Annette Gonzalez Etxabarri, Carmen Garay Irigoras eta Silke Martinez Echegeray.
Mutilen rankingean lehen bi sailkatuak Adur Amatriain zarauztarra eta Kai Odriozola donostiarra dira. Hirugarren postuan Joaquim Chavez surflari portugaldarra dago, eta hurrengo bi postuetan Sam Piter eta Luan Nogues frantsesak aurkitzen dira.
Hurrengo junior lehiaketa irailaren 20 eta 24 bitartean izango da Portugalen, Espinho hondartzan. Horren ostean, zirkuituko laugarren eta azken lehiaketa Hossegorren izango da, urriaren 13 eta 15 bitartean. Horrenbestez, hilabete bat baino gehiago dute 18 urtetik beherako lehiakideek hurrengo txapelketa iritsi bitartean entrenatzeko.
Artean beste zenbait lehiaketa izango dira maila irekian. Abuztuaren 19 eta 24 bitartean, adibidez, QS lehiaketa bat izango da Angelun, eta motorrak berotzeko aukera ederra izan daiteke surflari gazteentzat.