R.S.

Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak: «Ezin da inor korrika eta presaka kaleratu»

Euskal presoak kaleratzeko orduan bigarren eta hirugarren graduaren arteko zubia gurutzatzeko oztopoez mintzo da Angel Luis Ortiz Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusia elkarrizketa batean. Prozesu hori «ezin da korrika eta presaka egin», bere aburuz.

Angel Luis Ortiz. (Espetxe Zuzendaritza)
Angel Luis Ortiz. (Espetxe Zuzendaritza)

Euskal presoak jada Madrildik iparraldera hurbildurik direla, kaleratzeak azkartzeko beharra nabarmentzen ari da eragile ugari, salbuespenezko politikak eta jokamoldeak alboratuz egingarria eta guztiz legezkoa izango zelako. Aukera horri erreparatu dio ere Angel Luis Ortiz Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak, ‘El Correo’ egunkariari astelehen honetan emandako elkarrizketa batean, baina ohartarazpen hau egin nahi izan du: «Ezin da inor korrika eta presaka kaleratu».

Adierazpena bitxia bada. Izan ere, astero-astero lekualdatzeen berri emateko Espetxe Zuzendaritzak zabaltzen duen jakinarazpenean preso ugarik zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela onartzen da. Lege arrunta aplikatuz, hiru euskal preso politikoetatik batek baldintzapean aske izan beharko luke gaur bertan eta %90a baino gehiagok kalea zapaltzen egon beharko luke, baimen arrunta eta bestelako prozeduren bitartez. Honela nabarmendu zuen Sareko Joseba Azkarragak NAIZi emandako elkarrizketan, bai eta Sortuko kideek mahai inguru batean.

Une honetan, lehen graduan ez da apenas euskal presorik geratzen, baina bigarrenetik hirugarrenera pasatzea (kalerara hurbilduz) biziki oztopatzen ari da. Honi buruz zera adierazi du Ortizek elkarrizketan: «Bigarrenetik hirugarrenerako progresioa ekimen administratiboa da. Fiskaltzari jakinarazten zaio eta honek helegitea aurkezteko eskumena du. Botere Judizialak kontrolatzen du dena, beraz». Foro Sozialaren Behatokiko adituek txosten batean salatu berri dutenez, Auzitegi Nazionala ari da progresio hau trabatzen, neurri handi batean Fiskaltzaren jokabidearen bitartez.

Euskal presoen lekualdatzeak, 500en artean hiruzpalau

Preso hauen lekualdatzaei buruz galdetuta, Ortizek esan du beste behin ere «banan banan hartutako erabakiak direla, kasu bakoitza aztertu ostean. Ez dago inolako estrategiarik eta ez da ezeren ordaina. Normaltasunez hartu behar da».

Zehaztu duenez, espetxe batetik bestera mugitzeko astero 500 presoen gaineko erabakiak hartzen dira Estatu mailan, eta mila inguru gradu aldaketari dagokionean. «Hauetatik guztietatik bi, hiru edo lau, gutxi gora behera, terrorismo delituagatik ezarritako zigorrak dira», ekarri du gogora.

Kasu hauek publikoki jakinarazteko «beharra» sentitzen du Espetxe Zuzendaritzak, Barne ministroak «garden» jokatzeko konpromisoa hartu zuelako, baina dena «normaltasunez» hartu behar dela berretsi du Luis Angel Ortizek.