NAIZ

Nafarroari eta Ultzamari keinu bat egingo die Antiguoko txapelketak lehen jardunaldian

Larraintzarreko frontoi zaharraren inaugurazioaren mende bat eta Julian Lajosek buruz buruko bere bi txapeletatik lehena lortu zuenetik 50 urte betetzen direla aprobetxatuz, lehiaketaren lehen jardunaldia Ultzaman jokatuko da.

Iazko txapeldun eta finalistak antolatzaileekin. (KIROLZALE)
Iazko txapeldun eta finalistak antolatzaileekin. (KIROLZALE)

Antiguako txapelketa, Euskal Herriko zaharrena, bere auzoan oso errotutako lehiaketa bat da, auzotarrek oso berea sentitzen dutena. Baina antolatzaileek oso argi daukate, txapelketak horrenbeste urte iraun badu, Euskal Herriko txoko desberdinetatik hamaika kilometro egin dituzten pilotari eta pilotazaleen ekarpenari esker ere izan dela. Eta zalantzarik ez, Nafarroa da zale eta kirolari askoren iturburua eta, hauek horrela, Larraintzarrekoa bezalako frontoi berezi eta maitatua inauguratu zenetik 100 urte eta Julian Lajosek buruz buruko bere bi txapeletatik lehena lortu zuenetik 50 urte betetzen direla aprobetxatuz, Antiguako txapelketaren antolakuntzak txapelketari hainbeste pilotari eta pilotazale eman dizkion eremu honi aitortza egin nahi izan dio ohikoa ez den keinu batekin; txapelketak bere ohiko espazioa egun batez aldatu eta Larraintzarren emango dio hasiera aurtengo ekitaldiari.

Kirol alorrari dagokionez, bigarren urtez jarraian, pandemiak baldintzatutako ekitaldia izango da aurtengoa eta bederatzi jardunaldiz osatua egongo da. 

Bi maila eta neskak

Promesetan –Unai Alberdi Morgaetxeberria, De la Fuente Iztueta, Fernandez-Ibarloza eta Olaetxea-Azpiroz, Igoa-Lizega, Senar-Santamaria–eta nagusietan –Elola-Apezetxea, Kanabal-Altuzarra, Julen Alberdi-Irurita eta Exposito-Irazustabarrena, Mata-Aizpuru, Murua-Aldave– pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatu dira, eta sei bikote hauek ligaxka bat jokatuko dute euren artean abuztuaren 31n jokatuko diren finalerdiak argitzeko.

Donostiako udan hain ezaguna den data honek, era berean, emakumezkoen lau partaideak lehian sartzeko balioko du. Horien artean izango da Aldai/Salsamendi eta Arrizabalaga/ Arraiza. Azken honek, gainera, auzoko ukitua emango dio parte hartzeari. 

Hiru mailetako finalak irailaren 4an, larunbatez, jokatuko dira. Ziurrenik, osasun agintariek baimendutako harmailen edukieraren %35 ez da nahikoa izango eskariari erantzuteko eta, aurreko urteetako bide arrakastatsuari jarraituz, txapelketako partida guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira internetez, Antiguako Pilotazaleok-en youtube kanalaren bidez.