Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Baionako ospitaleko suspertze eremua gainezka egiteko zorian dela ohartarazi dute

Suspertze eremuko 20 ohetik 19 hartuak dira egun Baionako ospitalean. Gaixo guztiak bertoko biztanleak dira, ia guztiak txertatu gabeak eta haien artean bezero oso gazteak eta haurdun diren emakumeak aurkitzen dira. Prentsaurreko batean egoeraren larritasunaz ohartarazi dute sendagileek.

Baionako ospitaleko sail desberdinetako buruek egoeraren larritasunaz oharatarazi dute. (Iurre BIDEGAIN)
Baionako ospitaleko sail desberdinetako buruek egoeraren larritasunaz oharatarazi dute. (Iurre BIDEGAIN)

Baionako ospitalean agerraldi berezia egin dute sail desberdinetako arduradunek, Jean-Bernard Cazenave, Baionako ospitaleko lehendakari ordea; Sylvie Durruty, Côte Basque Ospitaleko Zaintza Kontseiluko lehendakaria; eta Maritxu Blanzaco, Akitania Berria Eskualdeko osasun agentziako zuzendariarekin batera. Suspertze eremua gainezka egiteko zorian egon daitekeela ohartarazi dute eta egungo egoeraren nondik norakoak azaldu dituzte.

Covid-19 agerraldia aitzin suspertze eremuan 6 oherekin moldatzen ziren Baionan, Covidaren lehen olatua iritsi zenean 20 ohe behar zituzten eta horren ostean, 15 ohe izan dituzte Baionan. Ostera, egun 20 ohe dituzte eta gehienez 24 izateko prest dira: 14 covid gaixoentzat eta beste 10 gainontzeko gaixotasunak dituztenentzat, baina haietako gehienak hartuak dira. Delta aldaeraren ondorioz ospitaleratu behar izan dituzten gaixoek 12 ohe betetzen dituzte, eta horiez gain, 7 gaixo daude suspertze eremuan bestelako gaixotasunen eraginez. Hau da, egun 19 gaixo daude suspertze eremuan Baionako ospitalean.

Jerome Pilloten esanetan, «inoiz ez gara halako egoeran izan». Izan ere, Baionako ospitaleko erreanimazio zerbitzuko buruak gogoratu duenez, «lehen olatuan 20 ohe genituen, guztiak hartuak, baina konfinamenduan ginen, ez zen bestelako gaixorik, orain ordea, covida dutenak eta ez dutenak ditugu, eta guztiak hartu behar ditugu, zeren minbizia duen bati ezin zaio 6 hilabete itxaroteko esan, tarte horretan hil daiteke».

Egun gutxitan egoera asko okertu dela nabarmendu dute Baionako ospitaleko sail desberdinetako arduradunek, eta laugarren olatuko kutsatzeek ospitaleko antolamenduan sortu dituzten arazoen berri eman dute.

«Beste zentroei laguntza ematetik laguntza eskatzera pasa gara», azaldu du Sylvie Durrutyk, Zaintza Kontseiluko lehendakariak. Horren adierazle da suspertze eremuan leku gehiago izateko hiru gaixo beste ospitale batzuetara leku aldatu behar izan zituztela uztaileko azken asteburuan, horietatik bi Pauera eraman zituzten eta bestea Akizera.
 
Gazteak eta haurdunaldian direnak

Uztaila amaieran abiada bizian egin zuen gora Delta aldaerarekin kutsatutako gaixo kopuruak Ipar Euskal Herrian eta orain arte ohikoak ez ziren bi profil topatu zituzten erizainek gaixoen artean: gazteak batetik, eta haurdun diren emakumeak bestetik. Guztiak txertatu gabeak eta bertoko herritarrak.

Egun Baionako ospitaleko suspertze eremuan haurdun diren bi emakume gazte daude eta, horiez gain, haurdun diren beste 5 emakume etxean dira zaintza telematikoarekin. «Zinez kezkagarria da, haiengatik egin nahi ez badute, haien haurrengatik txertatu beharko lukete», adierazi du Philippe Jouvencelek, Baionako pediatria saileko buruak.

Ordea, kutsatzeen gorakadak txertatu nahi duten herritarrengan ere eragin du eta erizainek aditzera eman dutenez jada txertatzeko ordua hartua zuten herritar askok hitzordua bertan behera utzi behar izan du, kutsatua zelako edo kutsatua zen norbaitekin kontaktuan izan delako.

Kutsatzeak eta txertaketa

Sail desberdinetako arduradunek bat egin dute mezu batekin: «Txertatu beharra dago». Baionako ospitaleko langileen %82a txertatua da, eta herritarrei dagokienean, Biarno eta Ipar Euskal Herria barnebiltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan herritarren %63ak jada bi dosiak jaso ditu. Lehen dosia jaso dutenak, ostera, %72,1 dira.

Egun intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 420 kasukoa da Ipar Euskal Herrian eta uda sasoian bisitari kopuru handiagoa izateak birusaren transmisioa erraztu dezakeela aitortu duten arren, Baionako ospitalean diren gaixo guztiak bertako herritarrak direla argitu dute sendagileek. «Egoeraren larritasuna ikusita, eguraldi txarrak lagundu du», iruzkindu du Durrutyk.

Hala ere, egoerak okerrera egin dezakeelakoan uztailaren 26an plantan ezarri zen Plan Zuriak indarrean jarraitzen du, beharrezko diren bitarteko tekniko eta humanoak bermatuak izan daitezen. Horrez gain, ospitale pribatuekin elkarlanean ari dira beharrezko izanez gero laguntza jaso dezaten. Izan ere, «laugarren olatua une konplexu batean iritsi da, zeren opor garaia izateak gehiago zaildu du antolaketa», komunikatu du Cazenavek.

Egoerak okerrera egin dezakeen zantzuak Larrialdiko Laguntza Medikoko Zerbitzuan (SAMU) antzeman dituzte. Hots, dei asko jasotzen ari dira, batetik covidak eragiten dituen sintomak deskribatzen dituzten herritarrenak, eta bestetik, bigarren txertoa hartu ostean gaizki sentitzen direnenak.