Andoni Arabaolaza

Alberto Ginesek eraman du eskaladako lehen urrezko domina olinpikoa

Hiru disziplinetan erregularrarena izan eta gero, 18 urteko eskalatzaile espainiarrak ezusteko handia eman eta irabazi du. Nathaniel Coleman estatubatuarra zilarrarekin egin da, eta Jakob Schubert austriarra brontzearekin.

Uf! A zer nolako ezustekoak izan diren! Eskaladak, estreinakoz, Olinpiar Jokoetan tokia izan du. Eta, oro har, ikuskizuna gailendu da. Beraz, lehen aldiz eskalada kirol olinpikoa izan da, eta overall edo konbinatua eredua izan du oinarri. Horrek esan nahi du abiadura, boulderra eta zailtasunean, hots, hiru modalitate horietan erregularrarena gailenduko zela. Eta, zalantzarik gabe, protagonista nagusia Alberto Gines izan da. Kiniela guztiak hankaz gora jarri ditu, eta lehen urre olinpiko historikoa sinatu du. 18 urteko espainiarra (bigarren lehiakide gazteena izan da) bi faborito nagusi atzean utzi ditu: Adam Ondra eta Tomoa Narasaki. Nathaniel Colemanen zilarra sorpresa izan da ere. Brontzea, aldiz ez; izan ere, Jakob Schubert kinielen zerrendan lehen postuan zegoen.

Ezustekoa, bai, Ginesek eman duena. Eta lasai asko esan dezakegu bere garaipena abiadurako proban oinarritu duela. Hain zuzen ere, modalitate hori finalen lehen hitzordua izan da. Sailkapenetan denbora onenak kontuan hartu ziren, baina finalean kanporaketen formula indarrean jarri dute. Presio handia zegoenez, faboritoen artean akats ugari ikusi dira. 6 segundoko langa ez du inork jaitsi; hots, ez da errekorrik izan. Akats horiek ondo baino hobeto espainiarrak aprobetxatu ditu, eta garaipenarekin egin da. Narasaki japoniarra bigarren sailkatua izan da, eta Mickael Mawen frantziarra hirugarrena.

Emozio handia

Abiadurako proba jokatu, atseden pixka bat hartu eta jarraian lehiakideek boulderrari egin behar izan diote aurre. Denera, hiru bloke edo korapilo askatu behar izan dituzte. Proposamenak oso gogorrak izan dira, eta Coleman eraginkorrena izan da. Estatubatuarra bi top egin dituen eskalatzaile bakarra izan da. Eta, beraz, lehen postuarekin egin da. Mawen frantziarra, top batekin, bigarren postuan geratu da, eta Narasaki hirugarrena top batekin ere. 

Bi modalitate horiek jokatu eta puntu guztiak batu eta gero, behin-behineko sailkapenean Mawen, Narasaki eta Coleman berdinduta zeuden. Baina oraindik zailtasuna edo soka falta zen. Azken proba horretan espezialista sasoikoenek argi utzi dute hutsik ez zutela egin nahi. Eta den-denak lehen postuetan sailkatu dira. 

Schubert-ek egundoko erakustaldia eman du, eta top edo puntu garaiena erdietsi du; hori egiten lehiakide bakarra izan da. Austriarra irten baino lehen (azkena izan da) Ondra marka hoberena egiten ari zen, baina, azkenean, zilarra sinatu du. Colin Duffy estatubatuarra hirugarrena izan da. Nahiz eta oso gaztea den, Ginesek erakutsi du heldutasun handia duela eta, bikain eskalatu ondoren, laugarren postuan sailkatu da.

Beraz, urre historikoa irabazteko kinieletan sartzen ez zen 18 urteko espainiarra podiumaren lehen kutxara igo da. Colemanek zilarra eraman du eta Schubert-ek brontzea. Bihar, ostirala, emakumezkoen finalen txanda da.