NAIZ
BELFAST

Ipar Irlandan erretiro garaia heldu zaio ezker abertzalearen bidaikide Alex Maskeyri

Ipar Irlandako Asanbleako presidente eta Sinn Feineko kide historikoak hurrengo hauteskundeetan ez duela parte hartuko iragarri du. 1998tik etenik gabe izan da Asanbleako kide. Ordurako jada Euskal Herriarekiko maitasuna eta ezker abertzalea laguntzeko nahia erakutsiak zituen, eta eutsi die.

Alex Maskey, Sorturen batzarrean, Bilbon, 2017an. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Alex Maskey, Sorturen batzarrean, Bilbon, 2017an. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Paul Maskey ez da Ipar Irlandako hurrengo Asanblean izango, 1998an sortu zenetik lehen aldiz. Buruzagi errepublikanoak, 2020tik Asanbleako bozeramaileak, hurrengo hauteskundeetara ez aurkezteko asmoa iragarri du. «Ohorea izan da azken 23 urteetan West Belfast eta South Belfast barrutiak ordezkatzea», esan du, erakunde honetan behintzat erretiroa hartzeko garaian.

Batzarreko presidentea izan da iazko urte hasieratik, hiru urteko etenaldiaren ondoren Stormonteko erakundeak berrezarri zituztenetik. Sinn Feinek, Michelle O 'Neill alderdi buruaren bitartez, Maskeyren lana eskertu nahi izan du. «Alexi eskerrak eman nahi dizkiot ekintzaile errepublikano gisa emandako zerbitzuagatik. Komunitateen eskubideen defendatzaile sutsua izan da Asanblearen barruan, Belfasteko Udalean eta tokian bertan». Izan ere, 2002an Sinn Feineko lehen alkatea izan zen Belfasten.

70eko hamarkadan IRAko kide izan zen eta bi aldiz espetxeratu zuten. 1983an Sinn Feineko lehen zinegotzia izan zen Belfasten, non indar unionisten gaitzespenari aurre egin zion. Lau urte geroago, 1987an, paramilitar loyalisten tiroketa bati aurre egin zion. 1988an eta 1993an beste bi eraso jasan zituen. Hala eta guztiz ere, bere jarduera politikoarekin jarraitu zuen eta Irlandako bake prozesuan, 1996an, West Belfast barrutiko Irlanda iparraldeko Bake Foroko kide aukeratu zuten.

HBrekin, Batasunarekin eta Sorturekin

Hiru hamarkada hauetan zehar euskal prozesua estuki lagundu du Maskeyk. Hiru adibide aipatzeagatik, 1997an Entzutegi Gorenean bertan jarraitu zuen HBko Mahai Nazional osoaren aurkako epaiketa; 2006ean Madrilera itzuli zen, Batasuna legez kanpo utzi izanaren eta jarduera politika oztopatzearen aurka egiteko; eta 2012an Iruñean hizlari izan zen, Robert MacBride hegoafrikarrarekin batera (ANC), ziklo aldaketa bultzatzeko eta Irlandako irakaspenak eskaintzeko. Askotan egon da Euskal Herrian; 2010. urtean elkarrizketa hau eskaini zion GARAri.

Anekdota gisa, iazko konfinamenduaren garaian Euskal Herriaren arropak janzten agertu zen bideo biral batean Alex Maskey.