NAIZ

Urrutikoetxea-Martijaren hirugarren puntua eta Olaizola II-Zabaletaren lehenengoa

Urrutikoetxea eta Martija markagailuan aurretik zirela (12-8), Etxeberriak mina hartu eta partida bertan behera geratu behar izan da. Garaipen honekin, lehen postura igo dira. Gasteizen lehen garaipena eskuratu du Olaizola II-Zabaleta bikoteak, Altuna III.ak eta Arangurenen lehen porrota eraginez. 

Aimar Olaizola, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Aimar Olaizola, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Larunbat honetan Masterseko neurketa bana jokatu dira Gasteizen eta Zarautzen. Laugarren jardunaldiko partidak jokatu dira eta beraz, txapelketa bere erdialdera iritsi dela esan daiteke. Erdialdera iritsi da eta guztia erabakitzeke dagoela ere esan daiteke. 

Atzokoan Ezkurdia eta Imazek beren lehen puntua eskuratu zuten Jaka eta Tolosaren aurka baina tanto kopurua dela eta, ez dute azken postua oraindik atzean utzi. Eta horren errudun nagusia Olaizola II.a eta Zabaletak osatutako bikoteak eskuratutako garaipena izan da. Hala, puntu batekin berdinduta geratzen baitira Jaka-Tolosa, Ezkurdia-Imaz, Elezkano II-Mariezkurrena II eta aipatu bikote nafarra. 

Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikoteak oraindik porrotik jaso gabe zeunden Altuna III eta Aranguren hartu dute mendean erabateko nagusitasunez. Azken markagailua 22-7koa izan da. 

Hori Gasteizko neurketan gertatu da, Zarauzkoa ez baita bukaerara iritsi. Peio Etxeberriak ezker sorbaldan ziztada sentitu eta aurrelaria mina hartuta, bertan behera utzi behar izan dute Urrutikoetxea-Martija eta Etxeberria-Albisu bikoteen arteko norgehiagoka zinez interesgarria (bi bikoteak bina punturekin iritsi dira laugarren jardunaldi honetara). 

Etxeberriak mina hartu duenean markagailua Urrutikoetxea eta Martijaren alde zegoen 12-8 eta beraz, beraientzat izan da garaipena. Puntu honekin, hirugarrena poltsikoratu dute eta beraz, lehen postuan kokatzen dira, Altuna III-Aranguren eta astelehen honetan jokatuko duen Peña II-Rezustaren aurretik –Diman jokatuko dute Elezkano II-Mariezkurrena II bikotearen aurka–.