Bastidako Udal Pilotalekuan partida estuagoa esperoko zuten, baina azkenean dagoenarekin konformatu behar. Olaizola II.a eta Ander Imaz 22-6 nagusitu dira Elezkano II.a eta Julen Martijaren aurka. Jokatu, lau pilotarik jokatu dute, baina luzitu, bikote gorriak bakarrik luzitu du, urdinen kontura.
Olaizola II.ak batez ere, partida eroso askoa eta bikaina jokatu du. Imaz atzean nagusi izan dela baliatuz 15 tanto amaitu ditu eta bi pilota bakarrik galdu, 24 orduan bigarren garaipena kateatuz.
«Nire adinean nahiago dut astean hiruzpalau partida jokatu bakarra baino. Entrenatzea ongi dago, baina partidarik jokatu ezean txispa galdu egiten da», adierazi du Goizuetako aurrelariak partida amaitu berritan.
Hasiera baten neurketak estuago behar zuela eman du, partida 5na berdinduta ere egon baita. Baina handik aurrera 17-1eko partziala lortu du bikote gorriak. Imazek bizkarra erakutsi dio atzeko koadroetan Martijari –bolea eder batekin tanto bat ere amaitu du– eta atzelari nafarrak ezin izan ditu Olaizolaren erremateak saihestu. Aurreko koadroetan, berriz, Elezkano ongi hasi bada ere –eskuin eskuaz bi-paretaz tanto bat ere amaitu du– azkenerako Goizuetakoaren erritmoan dantza baino ezin izan du egin.
Mastersa Diman
Elezkano II.ak Bastidako partida txarra ahaztu beste erremediorik ez du astelehen gauean, 22.00etatik aurrera, Masterseko neurketa jokatu behar baitu Diman Mariezkurrenarekin batera Peña II.a eta Rezustaren aurka.
Orain arteko hiru jardunaldietan Peña eta Rezustak partida guztiak irabazi dituzte, Elezkano eta Mariezkurrenak hirutik neurketa bakarra irabazi duten artean.
Ikusi egin behar Zaratamoko aurrelariak nola jokatzen duen. Diman bizi delarik, herritarrek omenaldia eskainiko diote aurrelari bizkaitarrari.