Haritz Larrañaga

Lapurdiko zenbait hondartzetan bainua debekatu dute alga toxiko bat agertu ostean

Gripearen antzeko sintomak eta azaleko erupzioak eragiten dituen Ostreopsis alga toxikoa agertu zela zabaldu ostean bainua debekatu zuten igandean Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizuneko hondartzetan. Azterketak egin ostean, hondartzak berriz ireki dituzte astelehen honetan.

Sorosle bat herritarei azalpenak ematen Biarrizko Hondartza Handian. (Guillaume FAUVEAU)
Sorosle bat herritarei azalpenak ematen Biarrizko Hondartza Handian. (Guillaume FAUVEAU)

Lapurdiko kostaldeko bainulari eta surflariek osasun arazoen berri eman ostean gripearen antzeko sintomak sortaratzen dituen Ostreopsis alga seinalatu zuen arazoaren iturburuan Surfrider fundazioak. Ondorioz, Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizuneko hainbat hondartza itxi zituzten igandean, abuztuak 8, eta astelehen honetan, arazoari aurre nola egin erabakitzeko bilkura bat antolatu dute eragile desberdinek.

Euskal Hirigune Elkargoa, auzapezak eta osasun arduradunak bildu ostean, arazoaren iturburuan Ostreopsis motako alga dagoela berretsi du Akitania Berria Eskualdeko ARS osasun agentziak, baina hala ere hondartzak irekitzeko baldintzak badirela nabarmendu du. 

Biarrizko udaletxeak zabaldu duen mezu baten arabera, «mikro alga honek azaleko erupzioak eta gripearen antzeko sintomak» sorrarazi ditzakeela berretsi du ARS erakundeak, baina nolabaiteko sintomak azaldu dituzten bainulari eta surflariei covid-19aren probak egiteko edo medikua bisitatzeko gomendioa ere luzatu die osasun agentziak.

Alga toxikoa?

Surfrider fundazioko kideen esanetan 2011. urtean antzeman zuten jatorri tropikala duen Ostreopsis alga Mediterraneoko itsasoan eta gripearen antzeko sintomak eragin ditzakeen toxina bat isurtzen du. Iaz jatorri bereko algak antzeman ziren Hendaian eta azalean gorridura eragin zuten bainularien artean.

Hain zuzen ere, ugariak izan dira sare sozialetan haien esperientziaren berri eman duten surflari, bainulari eta sorosleen lekukotasunak. Azaleko erupzioak, arnasteko zailtasunak, muki urtsua, eztarriko mina eta neke handia aipatzen dituzte, alegia, gripe baten antzeko sintomak.