«Ia egunero ikus ditzakegu [izurdeak]», dio Ines Matado biologo eta Lisboako kostaldean itsas espezieak behatzeko itsasontzietako bidaietan gidari lanak egiten dituenak.
AFP agentziari azaldu dionez, lehen izurdeak «noizbehinka» agertzen ziren Tajoko estuarioaren uretan, baina orain «maiztasuna eta erregulartasuna» aldatu egin dira.
Lisboan, nagusiki, izurde mularra ikus daiteke, tindu grisekin eta, oso sarri, izurde arrunta ere agertzen da, gorputz lirain zuri-beltzarekin eta aho motz eta zorrotzarekin, bi metro luze eta ehun kilo baino gehiagoko pisua izan dezaketenak.
Izurde heldu zein jaioberriez osatutako taldeetan mugitzen diren zetazeo hauen itzulera gozamena da turistentzako zein Portugalgo hiriburuan bizi direnentzako.
«Aitak esaten zigun Tajon 1950 urteen amaieran eta 1960en hasieran ikus zitezkeela, baina gerora desagertu egin ziren», adierazten dio AFPri Leonor Sardinhak, joan den ostiraletik Lisboako Ozeanarioak antolatzen dituen zodiac txangoetako baten partaideak.
«Animalia basatiak dira, eta, beraz, ez da erraza garai normaletan ikustea», gaineratzen du.
Iaz, Lisboako Udalak pozez hartu zuen «Tajoko izurdeen» itzulera, bere webgunean argitaratutako ohar batean zioenez.
«Uste dut [Lisboa] izurdeak ikusteko aukera ematen duen Europako hiriburu bakarra dela», dio Elsa Courelak, Lisboako Ozeanarioren bozeramaileak.
«Ikusgarriago»
Lisboan ez ezik, izurdeen presentzia ezohikoa zen beste toki batzuetan ere ikusi izan dira zetazeo hauek pandemia hasieratik, tartean Hong Kong eta Macao arteko uretan edo Bosforoan.
Zientzialarien ustez, zetazeo horien presentzia jarduera ekonomikoaren dezelerazioaren, itsas trafikoaren beherakadaren eta konfinamendu-neurrien ondorio da bereziki.
Dirudienez, arrain eta molusku txikiez elikatzen diren ugaztun hauek, arrain kantitate handiagoa eta «uraren kalitate hobea» aurkitu ahal izateak erakarri ditu, hau, zientifikoki, etapa honetan frogatu ezin den arren.
Hala ere, izurde gehiago ikusteak ez du esan nahi ugariagoak direnik, baizik eta «ikusgarriagoak direla». «Ez gaude hain gertutik ikustera ohituta», dio Catarina Eirak, Aveiroko Unibertsitateko ikerlari eta itsas faunan adituak.