NAIZ
Gasteiz

Bisoi europarra berriro ugaldu da Salburuako hezegunean

Gasteizko Udalak baieztatu ahal izan duenez, bisoi europarra berriro arrakastaz ugaldu da Salburuako eta Zadorra ibaiko hezeguneetan.

Aurreko urteetan sumatzen baldin bazen bisoi europarra Salburuako eta Zadorra ibaiko hezegunean tokia berreskuratzen ari zela, 2021. urte honetara arte ezin izan dute baieztatu eremu horretan ugalketa arrakastatsurik izan denik, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez.

Arabako hiriburua inguratzen duen eraztun berdean fauna aztertzen duten kamerek eme bat grabatu dute aurten jaiotako hiru kumerekin.

Mundu osoko haragijale txikien artean mehatxatuena da egun bisoi europarra eta, Estatu espainiarrari dagokionean, «desagertzeko arrisku larrian» dauden espezieen artean sailkatua dago.

Haren mehatxu nagusia bisoi amerikarra da, bertakoaren tokia hartzen duen espezie exotiko basatia.

Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak urtetan LIFE Lutreola Spain europar proiektuaren baitan eginiko lanaren ondorioz, 2016an lortu zuten bisoi amerikarra ingurune honetatik guztiz ateratzea.

Ordutik, garai batean aipatu hezeguneetan zegoen bisoi europarraren populazio ugaria berreskuratzeko lanean hasi ziren, baldintza egokiak sortu nahian. Halere, bizirautea lortu zutenak hain gutxi izanda, gehiago ekarri behar izan dituzte populazioa indartu eta dibertsitate genetikoa handitzeko.

Hala, 2018az geroztik itxian hazitako 17 ale askatu dituzte Salburuan. Biziraupenari eta ingurune berrira egokitzeari buruzko emaitzak ale bakoitzari ezarritako irrati-igorleei eginiko jarraipenaren bidez aztertu dituzte.

Aurrez Estonian eta Alemanian baino ez zituzten garatu bisoi europarra birsartzeko halako prozesuak eta Arabako lurretan jasotako emaitzak besteen antzekoak izan dira.

«2021. urtean espezie hori Salburuan berriro ugaldu dela baieztatzeak amaiera ezin hobea eman dio Eraztun Berdeko harribitxi hori zaintzen emandako 20 urtetik gorako bideari, eta pizgarri indartsua da datozen urteetan ere lan horiekin jarraitzeko», nabarmendu du Gasteizko Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak, Cesar Fernandez de Landak.