Bajekin eta taldea eraikitzeko denbora beharrarekin baina «gosez», «ilusioz» eta «lehiatzeko prest» ekingo dio Eibarrek Liga hasierari. Larunbat honetan jokatuko du lehen jardunaldia Lehen Mailatik jaitsi berri den Huescaren kontra, El Alcoraz zelaian (20.00).
Bost dira bidaiatu ezin izango duten jokalariek. Ekainean kirofanotik pasatu ondoren oraindik errekuperatzen ari den Rober Correa eta azken lagunartekoan sahietsan fisura bat sufritu zuen Xabi Etxeita alde batetik eta, bestetik, koronabirusak eragindakoak: isolamendua amaitu eta gaur lehen entrenamendua egin duen Yanis Rahmani, etxean isolatuta dagoen Ager Aketxe eta kutsatu baten kontaktu zuzena izan zen Oscar Sielva. Gaizka Garitanok onartu duen bezela, koronabirusak eragin handia izan du gorri-urdinen udako lanean, «ia astero izan baitugu kasuren bat eta horrek lana oztopatu du».
Taldearen erabateko eraberritzeak ere lana dezente baldintzatu du. «Jokalari berri asko etorri dira, batzuk goiz, beste batzuk beranduago, beste batzuk azken unean eta oraindik ezin izan dute ia entrenatu ere», gogoratu du Garitanok. Guzti horren ondorioz, denboraldi-aurreko aste hauek motzak geratu dira eta taldea eraikitze prozesuan dago oraindik. Eta ez da nolanahiko xehetasuna, «taldea» kontzeptua baita arrakastaren gakoa entrenatzaile bizkaitarrarentzat. «Talde hitzak bost letra dauzka bakarrik baina bost letra horiek esanahi handia dute. Guk oraindik taldea finkatu gabe daukagu, talde berri bat hutsetik, edo ia hutsetik, hasten denean, lau aste ez dira nahikoak. Niri ikustea gustatuko litzaidakeen Eibar, beti izan dena da: talde bat. Eta oraindik ez daukagu talde bat, jokalariak dauzkagu».
Jokalari horiek, edozein kasutan, beste ezinbesteko osagaia dute, gosea. «Denak gose handiarekin atorri dira. Asko daukagu oraindik lantzeko baina gose aldetik eta jarrera aldetik oso ondo gaude. Oso pozik nago egunerokoarekin, nola entrenatzen duten ikusten dudanean». Eta horregatik bada ere, «lehiatzeko prest» dago taldea, «ilusio handia sorrarazten digun denboraldi-aurreari ilusio handiz ekiteko».
Lehen azterketa Huescaren kontra izango dute. Armaginek bezela, Lehen mailara bueltatzeko helburuarekin jokatuko duen taldea. Eta lehen jardunaldi honi begira, abantailatxo batekin helduko den aurkaria, taldea eginagoa baitauka. «Oraindik guztiz eraiki gabe dute taldea ere baina euren denboraldi-aurrea desberdina izan da –azaldu du Garitanok–. Hamaikakoa aukeratuta dago, 11-12 jokalarik jokatu dute, berdin jokatu dute… Eta gainera kalitate handiko taldea da, teknikoki oso ona… Nire ustez goian egongo den taldea».
Horixe da, noski, armaginen helburua ere, «partidak irabazten eta goian egoten saiatu, horretarako ekarri gaituzte. Denbora behar dugu oraindik taldea eraiki eta gure onena emateko baina biharko puntuek eta hiru hilabete barrukoek balio bera dute eta eskuratzen saiatuko gara. Irabazteko ilusioarekin goaz, animimoki eta goseari dagokionez, topera gaude».
Troncho, 20ko deialdian
Correaren, Etxeitaren, Yanisen, Aketxeren eta Sielvaren bajek 19 jokalariekin besterik ez dute utzi taldea. Denek bidaiatuko dute Huescara eta, eurekin batera, bigarren taldeko Angel Troncho erdilaria deitu du Garitanok.