Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Nely Carla Alberto «etxera» itzuli da Bera Beraren talde teknikoaren parte izateko

Nely Carla Alberto eskubaloi jokalari ohia Bera Berako bigarren taldeko bigarren entrenatzailea izango da eta aldi berean, Ohorezko Mailan jokatzen duen taldearen "staff teknikoaren" parte ere izango da. Harrobia «sendotzeko» asmoz «etxera» itzuli da donostiarra.  

Nely Carla Alberto, Bidebietako aurkezpenean. (BERA BERA)
Nely Carla Alberto, Bidebietako aurkezpenean. (BERA BERA)

Nely Carla Alberto donostiarrak asteazken honetan iragarri zuen eskubaloia uzteko erabakia hartu zuela eta egun bat beranduago jakin dugu zein izango den bere erronka. «Etxera» itzuli da azken hamarkada osoan Fratziako ligan jokatzen aritu ostean. 

Bera Berako bigarren taldeko bigarren entrenatzailea izango da eta Tati Garmendia eskubaloi arloko arduradunak azaldu duenez, «Ohorezko Mailan jokatzen duen taldetik ere gertu arituko da, talde teknikoaren parte izango da eta ahal duen gehienetan aulkian egongo da». 

«Erreferentzia» bilakatu nahi da jokalarientzat, bere esperientzia eskaini, Frantzian ikasi duen guztia eman eta berak ere, esperientzia batu dezan. Merignac taldean entrenatzaile eta jokalari lanak uztartu zituen baina berak, azaldu legez, «azkenean jokatzea gehiago gustatzen zaidanez beti zentratzen zara arlo batean eta bestea apur bat alboratzen duzu». 

Bera Berako harrobitik atera eta 17 urte beranduago, harrobi hori «indartzera» dator donostiarra. «Niretzako esanahi handia dauka. Frantzian, Merignan taldeko formakuntza talde batean aritu nintzen, eta bertan asko lantzen da arlo tekniko-indibiduala. Uste dut arlo horretan asko eman ahal dudala eta horrekin, jokalarien hobekuntza sustatu nahi dugu», azaldu du Bidebietan eginiko aurkezpenean. 

«Bigarren talde seniorrean dauden jokalariak Ohorezko Mailako taldearen dinamikan sartzen joatea da asmoa, jakitzeko nola jokatzen duten, zein alor lantzen duten eta hala, lortu nahi da lehen taldetik hain aldenduta ez egotea», zehaztu du. Tati Garmendiak ere halaxe azaldu zuen erronka berri hau, bigarren taldea urte gutxiren buruan Zilarrezko Mailan egotea dela helburua, hain zuzen ere. 

Nely Carla Albertok azaldu du «unerik egokiena» dela Bera Berako erronkarako. Pandemiagatik une «gogorrak» pasa dituztela ere aipatu du eta azkenean, udara Gipuzkoan pasa, alaba txikia gustora ikustean, «ezin nuen horrelako aukera bat pasatzen utzi».