NAIZ

Talibanek Kabul 90 egunetan har lezaketeela esan du AEBetako ordezkari batek

Estatu Batuetako Inteligentzia arloko goi funtzionari batek adierazi duenez, talibanak Kabul berreskuratzeko bidean dira eta hiru hilabetetan lor lezakete, oraingo erasoaldiari eusten badiote.

Ia 400.000 lagunek etxetik alde egin dute 2021a hasi zenetik. (Wakil KOSHAR | AFP)
Ia 400.000 lagunek etxetik alde egin dute 2021a hasi zenetik. (Wakil KOSHAR | AFP)

CNN telebista-kateak Estatu Batuetako Inteligentzia arloko ajentzietan jasotako lekukotasunek nabarmentzen dutenez, talibanen kontraerasoa ziztu bizian doa eta laster Kabulera heldu eta har lezakete. Batek hiru hilabeteko epea aipatu du eta beste baten ustez 30 eta 60 egun artean gera liteke inguratuta hiriburua.

Hipotesis honetan egungo Afganistango Gobernua erraz eroriko litzateke. Jada bederatzi probintzia hartu dituzte talibanek, Estatu Batuetako eta beste estatu batzuetako soldaduek alde egin ondoren.

Azken ordu hauetan Kunduzeko aireportua hartu dute talibanek, bai eta Ghazniko zenbait boteregune ere: egoitza politikoa eta Poliziaren komisaldegi nagusia hain zuzen ere.

Washingtongo Defentsa Sailaren eledun den John Kirbyk ez ditu adierazpen hauek baloratu nahi izan baina Afganistanen den «gainbehera» aipatu du. Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak bezala, konponbidea bertako agintari guztiak elkartu eta talibanei «beren kabuz aurre egitea da».

«Guk beren ahalmena hobetzeko lan gogorra egin dugu, baina noizbait afganistarrek beraiek heldu beharko diote hori», argudiatu du Kirbyk.

Ildo beretik mintzo da Jen Psaki Etxe Zuriko eleduna. Bere hitzetan, gauzak okertu arren Afganistango indar ofizialek «kontraerasoa egiteko ahalmena izan badute». Berak ere «batasunaren beharra» aipatu eta «lidergoa» eskatu die Gobernuari eta gainerako botereguneei.

Pseki erantsi duenez, hornidurak eta taldeak eskaintzen segituko dute Estatu Batuek, eta «beren soldata guztiak ordaintzeari eutsiko diogu, azken 20 urteotan eman diegun laguntzaz gain».

390.000 lagun lekualdaturik

Nazio Batzuen Erakundeko Stéphane Dujarric bozeramaileak, bere aldetik, urtea hasi zenetik 390.000 pertsonek etxetik alde egin dutela eman du jakitera, gatazkatik ihes egiteko, «batez ere maiatzatik hona».

Abuztuko lehenengo bost egun hauetan 5.800 lagun heldu dira Kabulera, berpiztu den gerratik aldendu nahian. «Kabulera heltzen diren gehienak senide edota lagunen etxean dira, baina kopuru handi bat ere aire librean gelditu da», zehaztu du.

Maiatza eta ekainaren artean ia 800 zibil hil direla eraso ezberdinetan aipatu du NBEak. Bitartean, Dohan gertatzen ari diren elkarrizketek ez dute emaitzarik ematen.