NAIZ

Azpilicueta eta Paredes, Txapeldunen Ligako atzelari onenen hautagaien zerrendan

Entrenatzaile eta kazetariek osaturiko epaimahai batek aukeratu dituzte euskal jokalariok, beste bina hautagairekin batera, joan den denboraldiko atzelari onenen arteko zerrendan. Hilaren 26an Istanbulen egingo den Txapeldunen Ligako zozketan ezagutuko dira irabazleak.

Irene Paredes, Europako atzelaririk onenean artean dago. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Irene Paredes, Europako atzelaririk onenean artean dago. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Txapeldunen Ligak urtero ohi duen legean, postu bakoitzerako 2020/21 denboraldiko jokalari onena izateko hautagaien zerrenda kaleratu du ostiral honetan. Abuztuaren 26an Txapeldunen Ligak Berak Istanbulen egingi duen zozketan adieraziko zein den joan den denboraldiko atezain, atzelari, erdilari eta aurrelari onena, hurrenez hurren.

Hautagai horien artean bi euskal jokalari daude, biak atzelariak. Gizonezkoei dagokienez, Chelsea talde ingeleseko Cezar Azpilicueta nafarra, eta emakumeen dagokienez, berriz, Irene Paredes gipuzkoarra, PSGtik Bartzelonara joan berri den jokalaria, hain zuzen.

Txapeldunen Ligan postu bakoitzeko jokalari onena izateko epaimahaia joan den denboraldian Txapeldunen Liga jokatu zuten taldeetako 32 entrenatzaileek eta European Sports Mediak (ESM) aukeratutako 55 kazetarik osatu dute.

Epamahaikide bakoitzak postu bakoitzeko hiru kide aukeratu behar ditu; aurrenekoari bost puntu eman dizkio, hiru bigarrenari eta bakarra hirugarrenari. Esan gabe doa entrenatzaileok ezin izan dietela beren taldeko jokalariei boturik eman. 

Emakume jokalari onenak aukeratzeko epaimahaian, berriz, Emakumeen Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara iritsi ziren entrenatzaileek eta ESMk hautaturiko 20 kazetarik osatu dute. Botua emateko modua, aldiz, berdina da.

Azpilicuetak bere taldekide Antonio Rüdiger eta Manchester City taldeko Ruben Diasekin lehiatu behar izan du. Irene Paredesek, berriz, Chelsea taldeko Magdalena Eriksson eta Bartzelonan orain bere taldekide izango den Mapi Leon izango ditu aurrez aurre.

Osterantzean, gizonezkoen Txapeldunen Ligako jokalari honenen hautagaitza hauxe da: Real Madrilgo Thibaut Courtois, Manchester Cityko Ederson eta Chelseako Édouard Mendy. Erdilariei dagokienez, Manchester Cityko Kevin De Bruyne eta Chelsea taldeko Jorginho eta N’Golo Kanté. Aurrelarien artean, berriz, Borussia Dortmundeko Erling Haaland norvegiarra, PSGko Kylian Mbappé eta Munitxeko bayern taldeko Robert Lewandowski dira hautagaiak.

Emakumeen Txapeldunen Ligako jokalari onenak aukeratzeko hautagaiak hauek dira: Chelseako Ann-Katrin Berger, PSGtik Olympique Lyon taldera pasa berri den Christiane Endler eta Bartzelonako Sandra Paños atezainen artean; erdilariak, aldiz, Bartzelonako Aitana Bonmatí eta Alexia Putellas batetik, eta Chelsea taldeko Ji So-yun , bestetik; aurrelarien artean, berriz, Barçakoak dira hautagai guztiak: Caroline Graham Hansen, Jennifer Hermoso eta Lieke Martens

Gizonezkoen zein emakumezkoen postu bakoitzeko Top 10aren zerrenda uefa.com webgunean ikusi liteke, bestalde.

UEFA Europa League

Era berean, 2020/21 denboraldian UEFA Europa Leagueko Jokalari Onenaren sarietako hautagaien zerrenda ere jakin da. Multzoen fasean aritu ziren 48 entrenatzaileek eta 55 kazetarik osatu dute epaimahaia eta hauek dira hiru hautagaiak: Manchester United taldeko Edinson Cavani eta Bruno Fernandes eta Villarreal taldeko Gerard Moreno.

Irabazlea hilaren 27an, Istanbulen baita ere, 2021/22 denboraldiari dagokion UEFA Europa Leagueko zozketan jakinaraziko da.

Sari hauez gain, UEFAko Jokalari eta Entrenatzaile onenaren sariak ere banatuko dira. Hautagaiak datorren astean ezagutaraziko dira eta Txapeldunen Ligako Multzoen Faseko zozketan jakinaraziko dira.