NAIZ
Iruñea

Bosgarren olatuan Tuterako ospitaleko langileen egoera «ezin etsigarriagoa» salatu du LABek

Covid-19 kasuak ugaritzearekin batera, ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gora egin du, bai gela arruntetan bai zainketa intentsiboetako unitateetan. Bosgarren olatu honen aurrean, baina, Tuterako Reina Sofia ospitaleko langileak «minimoetan» daudela salatu du LAB sindikatuak.

Tuterako Reina Sofia ospitalea, artxiboko irudi batean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Tuterako Reina Sofia ospitalea, artxiboko irudi batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Hedabideetara igorritako ohar baten bitartez Tuterako Reina Sofia ospitaleko langileen egoeraz ohartarazi du LABek eta, gogoratu duenez, ez da azken hilabeteetan sindikatuak «akats larriak» salatzen dituen lehen aldia. Horrek Tuterako osasun-eremu osoan «eragin oso negatiboa» daukala gaineratu du.

«Osasun-eremu honetako gerentziak zerbitzuak ixteko eta langileak murrizteko duen politikak langileen lan-baldintzak arriskuan jarri ditu berriz ere: oporrak arriskuan daude, egutegi –eta txanda– aldaketa etengabeak gertatzen ari dira, baita zerbitzu-aldaketak ere, eta ‘produktibitatea’ modu erabat arbitrarioan erabiltzen ari dira, ez oso gardenean eta irizpide finkorik gabe», azaldu du sindikatu abertzaleak.

Uda aurretik covid pazienteentzako prestatuta zeuden Larrialdietako edo ZIU bezalako zerbitzuetako azpiegiturak ere itxi egin dituztela eta, ondorioz, langile kopurua ere murriztu dela gaineratu du LABek: «Batzuk beste zerbitzu batzuetan sartu dira, eta beste batzuk zuzenean kaleratu egin dituzte».

«Orain –dio sindikatuak– berriz ere beharrezkoak direnez, gerentziak zailtasunak ditu langileak kontratatzeko, eta langileek lanaldi luzeagoak egin ditzatela eskatu du (medikuei eta erizainei txandak bikoiztuz). Lanaldi horiek langileen egoera fisikoan eta animikoan izugarri eragiten du, pandemia-hilabete hauen ondoren arrisku psikosozialak modu esponentzialean areagotu direla ikusi baitute».

Horregatik guztiagatik, nabarmendu dute ezin dutela onartu «kudeaketa kaskarraren erantzukizuna» langileen bizkar uztea eta, hortaz, aldarrikatu dute «ezinbestekoa» dela lan-baldintzak errespetatzea eta kalitatezko kontingentzia-planak diseinatzea, «egun batetik besterako adabakiak proposatu beharrean».