Hasieran egindako akatsekin erabakita geratu da Masterseko bosgarren jardunaldiko lehen neurketa. 18-6ko partzialarekin izugarrizko abantaila ezarri dute Olaizola II.ak eta Zabaletak eta horrekin nahikoa izan dute beraien bigarren garaipena bideratzeko (22-15). Hala, ostiral honetan Atano pilotalekuan batutako puntuarekin, play-offetan sartzeko borrokan bete-betean sartzen dira eta Zabaletak esan bezala, «gure esku dago sailkapena».
Izan ere, garaipena eskuetan izatetik neurketa apur bat konplikatu zaie nafarrei. Aipatu 12 tantoko abantaila gutxika-gutxika murrizten joan dira Victor –Elezkano II.a ordezkatu du eskuetan min zuelako– eta Mariezkurrena II.a. Batetik, Mariezkurrena ederki jotzen hasi delako eta bestetik, Jose Javier Zabaleta eskuinarekin sufritzen hasi delako. 0-9ko partzialarekin, markagailua hiru tantora murriztea lortu dute urdinek baina partidaren bukaeran, hasieran legez, gorriak nagusi izan dira eta jada eskuetan zeukaten garaipen hori behin-betiko istea lortu dute.
«Eskerrak beraiek opari asko egin dituzten, bestela kostatuko litzaiguke 22ra iristea», adierazi du partida bukatu bezain pronto atzelari nafarrak ETBko mikrofonoen aurrean.
Bikote batek sailkapenerako urrats handia eman duen moduan, besteak nolabaiteko atzerapausoa eman du. Izan ere, Elezkano II.a-Mariezkurrena –gaur aurrean Victor izan dela– oraindik ere puntu bakar batekin daude. Bigarren porrota jaso dute jarraian eta bi partidaren faltan, egoera konplikatua daukate.